Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Blogs Iritzi artikuluak 2009 Octubre 08 Durao Barroso beste bost urtez

Durao Barroso beste bost urtez

Etiquetas:

Inaki Irazabalbeitia Aralarreko Europako Parlamentuko kideak Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Joan den ekainean egin ziren Europako Parlamenturako hauteskundeen ondoren, Europako instituzioak urratsez urrats ardura-postu nagusiak betetzeko prozesuan ari dira. Uztailaren 14an, Jerzy Buzek aukeratu zuten Parlamentuko presidente moduan. Irailaren 16an, Europako Batzordeko lehendakaria aukeratu zuen Parlamentuak. Orain, atzerri-ministro izandako Javier Solanaren ordezkoa bilatu beharko da. Gogoan izan, Europako Batzordea Batasunaren gobernuaren pareko organo exekutiboa dela nahiz eta bestelako gobernuek dituzten eskumenak eta erabakimenak osorik ez izan.

Europako Batzordeko presidentea hautatzerakoan, ez da ustekaberik jazo. Parlamentuak Jose Manuel Durao Barroso aukeratu zuen bigarren aldiz. Horrela, azken bost urteotan bultzatu dituen politika ekonomiko eta sozial neoliberalak indartzen jarraitzeko aukera izango du datozen bost urteotan.

Ustekaberik ez dute eman PSOEko europarlamentariek eta Portugalgo eta Britainia Handiko beren kideekin batera, Europako sozialisten taldeak agindutakoari, abstentzioari, men egin ez eta Durao Barrosoren aldeko botoan eman dute. Egia esan Zapaterok hauteskundeetako kanpainan agindu zuen jada ‘lagun portugesa’ babestuko zuela auzokoen arteko elkartasunagatik. Mihi gaiztoek diote EESren azpiegitura Bilbora ekartzeko Portugalen aldeko botoa, bakarra bide batez, ordaintzeko agindu zuela. Esplikazio zaila du ezkerretik, edo beren burua ezkerrekotzat dutenen aldetik, politika ekonomiko eta sozial neoliberalak eta ongi izate estatuaren kontrakoak bultzatu dituena babestea. Ahaztu bide zaizkie 65 orduko astearen saialdia edo Bolkestein zuzentaraua. Sobra ere, gehiago begiratu diete epe laburreko interes estatalei, Europako langileen beharrei eta Europa sozialaren defentsari baino. Garai bateko terminologia usatuta, klase-interesak bigarren mailan laga dituzte. Nazionalista beste batzuk gara gero.

Egia esan, prozesu honetan zehar lotsatzekoa ez da soil-soilik izan sozialista penintsularren eta laboristen jokabidea, ezkerra osoarena baizik. Europako ezkerra ez da gauza izan kontsentsuzko presidentegai bat aurkezteko. Durao Barrosok ez du aurkaririk izan eta, zakur zaharra izanik, ondo jakin du maniobratzen bere oinarri parlamentarioa zabaltzeko. Ondorioz, aurreko aldian ez bezala, gehiengo absolutua erdietsi du, liberalak ere bere zorrora erakartzen jakin duelako.

Europako ezkerra saiatu da, Batzordeko presidentearen hautaketa Irlandako erreferenduma egin arte atzeratzen, baiezkoak irabaziz gero Lisboako Tratatuaren arabera Parlamentuaren presidenteak botoen gehiengo absolutua beharko zukeelako. Horretan ere ezkerra barregarri gelditu da, emaitzak zein izan diren ikusita, Durao Barrosok oso ondo jokatu baititu bere kartak.

Ezkerreko indarrok gutxiengoan gaude Europarlamentuan eta hori agerian gelditu da presidentearen aukeraketa atzeratzeko prozesuan. Zatituta gaude gainera, eskuina ez bezala. Europako ezkerrak erronketako bat hori du, minimo komun batzuk adostea eskuinari aurre egiteko eta politika ekonomiko eta sozial progresistak bideratzen saiatzeko. Aralarrek bide horretan lan egingo du; ALE-Berdeak talde parlamentariotik abiatuta, ezkerreko indarren elkarlana bilatuko du, Euskal Herriko langileen interesen defentsarik eraginkorrena modu horretan lortuko dugulakoan.

Alta bada, harri batzuk badira Lisboako itunaren bidean. Urriaren 2an, iaz ez bezala, irlandarrek baiezkoa eman diote Itunari. Egoera ekonomikoaren  larritasunaren ondorioz, akaso, baietza hala ere. Orain Polonia eta Txekiaren txanda da. Estatu horietako lehendakariek, euroeszeptikoak biak, aginduta zuten itxaron egingo zutela Irlandako erreferendumaren emaitza ikusi arte ituna sinatzeko. Zer egingo dute? Britaniar kontserbadoreen buru Cameronek, 2010ean Erresuma Batuko lehen ministro bihur daitekeena, Txekiako lehendakari Havel-i eskatu dio Ituna ez dezala sina berak hauteskundeak irabazabi eta erreferenduma egin arte.

Horietako batek sinatuko ez balu, Nizako Itunak iraungo luke eta litzateke aldaketarik gertatuko Batasunaren erakundeen egitura. Era berean, Europaren bateratze-prozesua krisi sakonean murgilduko litzateke inork ez baitu espero Britainia Handian eginiko erreferendum batean baiezkoa garaile irtengo denik. Poloniako eta Txekiako lehendakariek sinatuko balute,   Cameronen erreferenduma beranduegi iritsiko litzateke. Lisboako ituna indarrean sartuko litzateke eta aldaketa gertatuko litzateke; besteak beste, Europako Batasunak presidentea izango luke (ez orain bezala sei hilez behin aldatzen den txandakako presidentzia estatuburuen artean) eta Europarlamentuak eskumen legegile handiagoak izango lituzke (gorago aipatu dugu horietako bat).

Cameronek planteatzen duen blokeoak huts egingo balu ere, Lisboako ituna makal jaioko litzateke, pasiorik sortu barik eta herritar askoren mesfidantza irabazita. Garaipen pirriko baten parekoa izan daiteke, nonbait.


Acciones de Documento