Hauteskundeak
06/03/2009
Ezkerretik independentziara
Hauteskundeak pasa dira, nahiz eta oraindik horien ondorioen oihartzun zaratatsua entzuten jarraitzen dugun.
Lortutako emaitzen distirak ez gaitu itsutu behar. Helburuak argi eduki behar ditugu: ezkerreko alternatiba abertzale bat eraikitzeko sortu ginen eta horretan jarraitu behar dugu, emaitzak alde batera utzita, herri honetan ezkerreko alternatiba hori inoiz baino beharrezkoa ikusten baitut. Ezarri diguten eredu ekonomiko eta garapen ereduen ondorioak gero eta latzagoak izaten ari dira Euskal Herriko langileriarentzako, eta beti nortasun ezaugarri lez eduki dugun umiltasunetik, gure indar guztiak jarri behar ditugu helburu horretan indarrak biltzeko.
Estatuko eta Euzkadiko kapitalistei alternatiba izango den ezker abertzaleak ezin du gehiago itxaron.
Andde Sainte-Marik klabe bat eman du azken egunotan, ezker abertzalearen barruan inor ez gara egi osoaren jabe, horregatik gure artean nork baino nork ibili beharrean, zubiak eraikitzeko garai da. Aralar ez da oztopo izan behar (inoiz ez baita izan) helburu hori lortzeko. Indarrak batu eta gizartean eragin, ez bata ez bestea ahaztu barik (ezkerra eta abertzaletasuna), gizartean eragiten hasi behar gara horretarako bidezkoak diren tresnak erabilita, instituzioak ere bai jakina, baina ezkerreko mugimendu batetan ezaugarri izan behar den lanarekin, kalean ibiliz.
Luzatu dezagun eskua, eta ea nor dagoen prest erronka horiei gurekin batera heltzeko. Kanpainan zehar Ezkerreko alternatiba abertzale baten alde egin duten guztiei zor diegu; Euskal Herriak behar du, merezi du.

