Atzerapausoak aurrerakoiak direnean
Beste askoren antzera, Luis Aranberri Mendizabal, “Amatiño", triste dabil antza. Euskadin haize-errota zentralak geldiarazteko Legebiltzarrak hartutako erabakiak gogoeta piztu dio: leize-zuloetan bizi ginen garaira itzuliko garen beldur ote da? Hona hemen erantzuna.
Zuria dena beltza dela esatea. Gau sakonean eguna dela pentsatzea. Argitasunean gaudela itzalean ezkutatzea … azken finean, politikan egunero gertatzen den zerbait da, guretzat trofeo arrakastatsua dena, oposizioarentzat kaka-mokordoa. Ez da txarra ordea, politika egiten ari garenean bakoitzaren ideologia agerian geratzea. Betaurrekoak aldatzea baino zerbait gehiago da.
Aralarrek legegintzaldiko lehenengo arrakastatzat jo zuen Euskadiko hainbat zentral eolikoren proiektua bertan behera geratzea. Korrika egin zena, interes ekonomikoen epeak markatzen zuten estutasunean egin zena, laster batean geratzea lortu genuen Legebiltzarrean. Gainera, alderdi gehienen babesa jaso genuen, ezker-eskuin, alde bateko zein besteko alderdien babesarekin, alegia.
Baina badago oraindik zentralen etete horretan atzerapauso ikaragarria ikusten duenik. Garapenari (garapen ekonomikoari, zehazki) mugak jartzen zaizkiola uste duenik. Luis Aranberri Mendizabal, “Amatiño,” esaterako, kezkatuta dabil azkenaldian. Euskal Herriko mendietan haize-errota gehiago ez ikusteak kezkatzen du.
Kritikak argitaratzeko, proiektu erraldoiak abiatzeko batzuek duten arintasuna, ingurumen-inpaktuak erredaktatzeko orduan izan beharko lukete abiadura bera. Mozkin ekonomiko hutsean, proiektuek duten aurrekontuei so egin beharrean, gizartearentzat onuragarria litzatekeen politika egitean metatu beharko lukete energia. Zentral eolikoak eraikitzea onuragarria da, baldin eta pauso jakin batzuk ematen badira. Geldiarazi ditugun zentral eolikoak bete ez dituzten pausoak, alegia.
Gizakiak ondare naturalean eragina izan behar badu, gauzak ahalik eta era hoberenean egitea da kontua. Egoera aztertuz, modurik egokiena aukeratuz; presaka ibili gabe, ingurumen inpaktu txostenak erredaktatuz; debatea sustatuz. Haize-erroten kontura, esaterako, ikasi dezagun behingoz kontzeptu bat: haizeak ez du mendi tontorretan bakarrik jotzen. Gaur egun eskuragarri dugun teknologiak, haize intentsitate txikiagoak aprobetxatzeko ahalmena ematen digu, beraz, mendi tontorrak aske uzteko aukera ematen digu. Haize-errotak mendietan jartzeko obsesioa baztertu daiteke. Hala nola, beste aukera batzuk aztertzea komenigarria litzateke: bat aipatzearren, minieolikoen (haize-errota txikiagoekin haizea aprobetxatzen duen teknologia) teknikaz baliatuz, eraikin asko autonomoak bihurtu daitezke.
Hau da, egiten diren urratsak neurtu behar dira: ze energi kopuru behar dugun eta zertarako jakitea ezinbestekoa da; baita ze energia iturri erabiliko ditugun erabakitzea; bukatzeko, debatea sustatu ondoren, garrantzitsuena dator, proiektuak gauzatzea, alegia. Baina askok urratsak eman ordez saltoka aritzen dira.
Ez daitezela Amatiño eta bere ondokoak arduratu. Prest gaudenean eraikiko ditugu haize-errotak. Baina guztia prest dagoenean bakarrik. Bitartean, argiak itzalita ere argitasuna ikusten jarraituko dugu. Mendi tontorrak bere horretan usten baditugu, bederen.


Atzerapausoak aurrerakoiak direnean?
Nuklearrik ez, termikorik ez... haize-errotei ere ezetz esaten badiegu nondik lortuko dugu ba energia Euskal Herritarrok? Mini-eolikoei buruz diozuna ez da batere serioa. Baliteke kostako edota Araba eta Nafarroako lautadetako baserri batzuk horrela hornitu ahal izatea baina hori gure herritarren %1a baino gehiago ez luke suposatuko. Ni ere ezkertiarra naiz baina energia kontutan erantzun serio eta arduratsuak entzutea espero dut zuen partetik eta ez artikulu honetan diozuna.