Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Blogak Dani Maeztu. Sapuherri 2009 Uztaila 02 Atzerapausoak aurrerakoiak direnean

Atzerapausoak aurrerakoiak direnean

Etiketak:

Beste askoren antzera, Luis Aranberri Mendizabal, “Amatiño", triste dabil antza. Euskadin haize-errota zentralak geldiarazteko Legebiltzarrak hartutako erabakiak gogoeta piztu dio: leize-zuloetan bizi ginen garaira itzuliko garen beldur ote da? Hona hemen erantzuna.

Zuria dena beltza dela esatea. Gau sakonean eguna dela pentsatzea. Argitasunean gaudela itzalean ezkutatzea … azken finean, politikan egunero gertatzen den zerbait da, guretzat trofeo arrakastatsua dena, oposizioarentzat kaka-mokordoa. Ez da txarra ordea, politika egiten ari garenean bakoitzaren ideologia agerian geratzea. Betaurrekoak aldatzea baino zerbait gehiago da.

Aralarrek legegintzaldiko lehenengo arrakastatzat jo zuen Euskadiko hainbat zentral eolikoren proiektua bertan behera geratzea. Korrika egin zena, interes ekonomikoen epeak markatzen zuten estutasunean egin zena, laster batean geratzea lortu genuen Legebiltzarrean. Gainera, alderdi gehienen babesa jaso genuen, ezker-eskuin, alde bateko zein besteko alderdien babesarekin, alegia.

Baina badago oraindik zentralen etete horretan atzerapauso ikaragarria ikusten duenik. Garapenari (garapen ekonomikoari, zehazki) mugak jartzen zaizkiola uste duenik. Luis Aranberri Mendizabal, “Amatiño,” esaterako, kezkatuta dabil azkenaldian. Euskal Herriko mendietan haize-errota gehiago ez ikusteak kezkatzen du.

Kritikak argitaratzeko, proiektu erraldoiak abiatzeko batzuek duten arintasuna, ingurumen-inpaktuak erredaktatzeko orduan izan beharko lukete abiadura bera. Mozkin ekonomiko hutsean, proiektuek duten aurrekontuei so egin beharrean, gizartearentzat onuragarria litzatekeen politika egitean metatu beharko lukete energia. Zentral eolikoak eraikitzea onuragarria da, baldin eta pauso jakin batzuk ematen badira. Geldiarazi ditugun zentral eolikoak bete ez dituzten pausoak, alegia.

Gizakiak ondare naturalean eragina izan behar badu, gauzak ahalik eta era hoberenean egitea da kontua. Egoera aztertuz, modurik egokiena aukeratuz; presaka ibili gabe, ingurumen inpaktu txostenak erredaktatuz; debatea sustatuz. Haize-erroten kontura, esaterako, ikasi dezagun behingoz kontzeptu bat: haizeak ez du mendi tontorretan bakarrik jotzen. Gaur egun eskuragarri dugun teknologiak, haize intentsitate txikiagoak aprobetxatzeko ahalmena ematen digu, beraz, mendi tontorrak aske uzteko aukera ematen digu. Haize-errotak mendietan jartzeko obsesioa baztertu daiteke. Hala nola, beste aukera batzuk aztertzea komenigarria litzateke: bat aipatzearren, minieolikoen (haize-errota txikiagoekin haizea aprobetxatzen duen teknologia) teknikaz baliatuz, eraikin asko autonomoak bihurtu daitezke.

Hau da, egiten diren urratsak neurtu behar dira: ze energi kopuru behar dugun eta zertarako jakitea ezinbestekoa da; baita ze energia iturri erabiliko ditugun erabakitzea; bukatzeko, debatea sustatu ondoren, garrantzitsuena dator, proiektuak gauzatzea, alegia. Baina askok urratsak eman ordez saltoka aritzen dira.

Ez daitezela Amatiño eta bere ondokoak arduratu. Prest gaudenean eraikiko ditugu haize-errotak. Baina guztia prest dagoenean bakarrik. Bitartean, argiak itzalita ere argitasuna ikusten jarraituko dugu. Mendi tontorrak bere horretan usten baditugu, bederen.

Dokumentuaren akzioak

Atzerapausoak aurrerakoiak direnean?

Posted by Gorka Galdos at 2009/07/09 07:29
Dani,

Nuklearrik ez, termikorik ez... haize-errotei ere ezetz esaten badiegu nondik lortuko dugu ba energia Euskal Herritarrok? Mini-eolikoei buruz diozuna ez da batere serioa. Baliteke kostako edota Araba eta Nafarroako lautadetako baserri batzuk horrela hornitu ahal izatea baina hori gure herritarren %1a baino gehiago ez luke suposatuko. Ni ere ezkertiarra naiz baina energia kontutan erantzun serio eta arduratsuak entzutea espero dut zuen partetik eta ez artikulu honetan diozuna.

Eredu energetikoa

Posted by JJ Agirre at 2009/07/09 07:29
Ados hemen agertutakoekin oro har. Hala ere, eredu eta bilakaera energetikoa da arazoa, eta ez horrenbeste eolikoak non kokatu. Amatiñoren alderdia (EAJ) nahiz EA nahiz Nafarroan baita Aralar ere, eredu desarrollista mugagabean murgilduta dihardute. Energia kontsumoa hazi ahala, hazkunde horri erantzutea da eskuineko talde guztien politika (baita PSOErena ere, noski).
Arazoa da energia negozio itzela dela, azpiegiturak edota etxebizitzak diren bezala. Lobby horien (eta horien albokoen) negozioari mugak jartzen ez dizkiogun artean, arazo ikaragarriak izango ditugu ingurumene arloan, gizarte arloan eta bizi kalitatean oro har. Hazkunde mugagabea ala garapen orekatua, hori da planteatu beharreko borroka, nire uste apalean.
Dorre eolikoena oso adibide ona da. Diruaren jabeek lortu dute energia alternatibo izan ordez, energia osagarria izan dadin, konponbidearen hanketako bat behar zuena, hori ere arazo bilakatuz.

Gorkari erantzunez

Posted by JJ at 2009/07/13 13:46
Nola defendi daiteke ezkerretik kontsumo hazkunde etengabea? Planteamendu horren kalteak ezagunak dira. Mugak ere bai: jada ondotxo ustiatu eta jipoitu ditugun gure ingurumenaren eta herrialde pobretuen lepo egin daiteke soilik. Ez zait oso ezkerrekoa iruditzen; egia esateko, ezta oso gizatiarra ere. Garapen eredu hilgarri honi eustea ezkerrekoa bada, ni ez naiz ezkerreko. Ezta izan nahi ere.
Edonola ere, horra gure garapen sistema pragmatikoaren ondorio “gorde” batzuen adibideak. Ea ezkerreko pragmatikoren batek horien defentsa serio eta arrazoitua egiten duen.

Haize erroten zabalkunde azkarrak gehiago erantzuten dio enpresa horien negozio nahiei, energia beharrei erantzuteari baino. Zer esanik ez, botereak ez ditu planteatu energia fosilen alternatiba gisa, energia iturri osagarri eta diru iturri bezala baizik.
Nafarroan adibidez, bazter guztietan ezarri zituztenak baino dorre eoliko dezente efizienteagoak jartzeko aukera egon zen, baina horien patentea zeukan enpresa baztertua izan zen, ia erabat.
Zergaitik? …

Nafarroan, Parke Eolikoak eraikitzeaz batera, hutsik edo erdi hutsik dauden makropoligonoak eraikitzen dira bazter guztietan, azterketarik gabe, planifikaziorik gabe, fundamenturik gabe, eta gehienetan eskaririk gabe ere (Nafarroako Aralarrek zertxobait badaki), gero eta energia gehiago xahutuz eta alferrik galduz.

Parke eolikoak eraikitzeaz batera, familiabakarreko etxebizitzen erreinua bilakatu da Nafarroa.
Nik dakidala familiabakarreko etxeak ez dira etxebizitza eredurik serio eta arrazoizkoena garapen orekatu bat erdiesteko bidean. Bidenabar, etxebizitza politika horretan sakondu duten zenbait udalek arazo ekonomiko larriak dauzkate jada, eta beste asko laster ikusiko ditugu egoera horretan.

Etxebizitza, garraioa edota energia sektore benetan estrategikoak izaki, eragile pribatuen esku uzten diren heinean, interes publikoaren gainbehera ziurra da. Botere publikoek herritarren beharren araberako politikak diseinatu eta garatu behar lituzkete alor horietan bereziki, eta ez enpresarien irabaziak bermatzea helburu duten eremu “libreak” antolatu, egiten ari diren bezala. Hori litzateke ezkerretik aritzea.

JJ Agirreri erantzuna

Posted by Gorka at 2009/07/22 08:28
Guztiz ados, gure eredua ez da iraunkorra. Gure hirien plangintza expansibotik hasita, garraiobideen sare txikitzailearekin jarraituz, aukera oso kaltegarriak hartu dituzte gure agintariek azken urtetan. Geroz eta energia gehiago eskatzen duen etorkizun horrekin ez nago batere ados eta borrokatu behar den lehen gauza da. Hala ere, energia ekoizpen beharra hor izango da beti, ala ez? Hala bada, esaidazu EHn ze aukera serio ditugun energia garbia sortzeko.

Gorkari

Posted by JJ at 2009/07/28 12:11
Egin beharreko galdera ez da gurean zein energia garbi sortzeko aukera dagoen. Galdera bat baino gehiago dago egiteko.
1: Eskuinetik bai, txapelarekin edo gabe, baina ezkerretik edo ikuspegi gizatiar batetik jarrai daiteke eredu hilgarri hau sustatzen edo justifikatzen? Hau da, gure gizarte aberatsen GEHIEGIZKO HAZKUNDEARI eutsi dakioke ezkerretik? Nahiz eta jakin herrialde pobretuei lapurtzen ari garela eta milaka hildako eragiten ditugula zeharka gure REPSOL, IBERDROLA, ENDESA,... edo SANTANDER, BBVA, REVILLA, PESCANOVA, eta beste multinazional depredatzaile batzuen eskutik?
2: Ingurumenaz, hau da naturaz, arnasten dugun haizeaz, edaten dugun uraz, gu ez garen beste izaki bizidunez (arimarik eduki ez arren) hobe dugu ez hitz egin, ezta? Hori "azajaleontzat" utziko dugu hobeto...
3: Garapen eredu pragmatikoak, hau da, petrolioaren industrian edo nuklearretan oinarritutakoak noiz arteko epemuga dauka? Eta gero zer? Mad-max?
4: Pasaiako Ekoportua (karlista atzerakoion amesgaiztoa), Hondarribiako aireportua
(ezinbestekoa), Petronorren zabalkundea (transbertsalitatea), AHT goi-prestaziotako tramankulu
modernoa (para vertebrar España, más si cabe)..., horiek guztiek zeri erantzuten diote? Ekonomiaren beharrei? Norenari?
5: Ezkerraren porrota, eskuinaren interesak kudeatu (eta bermatu) nahi izatetik dator. Pena eta amorrua ematen du merkatuaren lege gorriaren aldeko, edo afrikarrak arrisku gisa ikusten dituzten agintari "ezkertiarrak" ikusi behar izatea nonahi. Oso-oso gertutik ere bai. Asín nos va.

JJ

Posted by Gorka at 2009/08/04 08:38
Baietz, JJ, nik ere mundua hobetu nahi dudala, motel.... eta BBVA, IBERDOLA, etab kabroi itzelak direla ere badakit... Baina erantzuidazu mesedez nere hozkailua edo bonbilak martxan jartzeko nondik aterako dugun energia. Plangintza bat nahi dut zu edo Aralerren partetik. Gaiztoak zeintzu diren edo munduan oker zer doan esateko edonork balio du. Bideragarria eta ingurugiroarekiko ahal den einean kalte gutxiko plangintza energetiko bat EHrentzako proposatzea ordea, ez du edonork egiten.


Garapen "iraunkorra"

Posted by JJ at 2009/08/05 09:40
Sentitzen dut baina ez daukat plangintza hori egiteko "astirik". Eta ez nago ados zurekin, ez dut uste edonork balio duenik gauzei beren izenetik deitzeko, inondik ere. 11 adibide inguruotan.

HAZKUNDE “IRAUNKORRA” HILGARRIA DA. Ez guretzat (oraingoz), baina bai afrikarrentzat oro har, Asiar asko eta askorentzat, Irakiarrentzat, Iraniarrentzat, Palestinarrentzat, Hegoamerikarrentzat, eta abar, eta abar. (Natura, ingurumena, alde batera utziko ditut, "pragmatismo" arrunt barregarriaren mesedetan).
Areago, hazkunde iraunkorra (eta berarekin ustelkeria) oinarri duen sistema hau, “bideragarria” da herrialde pobreTU eta txikiTU horiek dirauten bitartean, EZ BESTELA. Horietan lapurtu eta zuzenean nahiz zeharka jendea hil ezean, gure sistema demokratiko, kristau, moderno eta “iraunkorretan” ez ginateke bizi garen bezala biziko.

SISTEMA HONENTZAKO EZ DAGO ALTERNATIBA “BIDERAGARRIRIK” Gorka, ez eoliko, ez nuklear, ez eguzkipeko, ez Repsolena ere, hara. Sistema honi buelta eman beharra dago. Beste norabide bat hartu beharra. Ez-hazkundearena seguruenik, eta ahal bait arinen.
Artean, pragmatismoaren izenean txikizioa eta hilketa masiboak justifikatzen edo sustatzen jarrai dezakete askok eta askok, baita gure ingurutxo hurbilekoak ere, baina horrek badu izena... jarri egiozu zeuk nahi baduzu, ikusiko duzu ez dela dirudien bezain erraza.