- Info
berdintasuna
12/05/2009
Gobernu berriaren argazkia ikusi nuenean, hasiera baten eta dena negatiboa izan ez zedin, pentsatu nuen: “behintzat lehenengo aldiz Eusko Jaurlaritzan emakumeen presentzia parekidea izango da; beti ere, Patxi Lopez kontuan hartzen ez badugu, bestela 6-5 baitira. Alde onak ikusten ere badakigu eta aitortzen ere bai, arazorik gabe. Horregatik diot gobernu berriaren argazkiak atentzioa gehien deitu zidana horixe izan zela.
Baina bigarren
irakurketa bat ere badauka horrek; emakumeak ze departamenduko buru diren
begiratze, alegia. Alor sozialean, hezkuntzan, kulturan… Betiko emakumeei
dagokien gaietan. Aldiz, ekonomian, industrian, ogasunean… oraindik gizonezkoak.
Horixe izan da nire
irakurketa, eta ez hainbeste independenteak diren ala ez. Horri ez diot
aparteko garrantzirik ematen. Uste dut, gainera, gobernu batean ondo egon
daitekeela independenteak sartzea, batez ere, kasu honetan bezala, beharra eta
premia sentitu duelako Lopezek, jakin badakielako, kolore bakarreko gobernua
osatu duela, hau da, gutxiengotik eratutako gobernua duela. Beharrezkoa izan
daiteke gizarteko pertsonei tartea egitea gobernua eratzeko orduan, alderditik
haratago. Kasu honetan, ordea, aukera horren alde egin dutelakoan nago, jakin
bazekitelako legitimitate defizit bat zutela; bakarrik 25 parlamentariren
babesarekin egin dutela gobernua; eta horregatik uste dut nabarmendu dutela
hainbeste independenteen kontua.
Hasierako
hausnarketara etorrita, baina, argazki horretan gehiago atentzioa deitu dit
emakumeen presentzia positibok; nahiz eta, oraindik, bigarren mailako edo
behintzat ez pisurik handiena duten departamentu buru izango diren.
20/01/2009
Azken egunotan egunkari bat baino gehiagoko portadak bete dituzte emakume poilitikariek. Horrela esanda pentsa liteke espazio publikoa irabazten ari garela, emakumeok esateko dugunak gizonezkoak esandakoaren adinako interesa sortu duela, baina tamalez ez da hori kontua. Emakume politikariak portada izan dira, hain justu, bere lanetik kanpoko arrazoiengatik: janzkera, amatasuna, bizitza pribatua...
Berehalakoan agertu dira gainera interes komunikatibo hau justifikatu duten argumentuak: batek ez duela bete ezarria dagoen protokoloa, besteak ez duela gutxieneko amatasun baja ere hartu, edo besteak emakumeari ezarri zaion paper tradizionaleko alde deitoragarrienari -objektu izatea- eutsi diola. Ez naiz ni hasiko azken egunotan protagonista izan diren emakume hauen jokabidea justifikatzen. Bereziki iraingarria egin zait, gainera, Saenz de Santamariaren jokabidea, beste hainbat eta hainbat emakumek egindako bidean atzera pauso onartezina suposatu duelako.
Baina beste ikuspegi batetik begiratu nahi diot gaiari: zergatik kritikatzen dira hainbeste eremu publikoan dauden emakumeak? Zergatik, batez ere, bere lanetik kanpoko gaiengatik? Zergatik ez dute maila bereko interes komunikatiboa sortzen gizonezkoek? Inork ezin du esan hori horrela dela protokoloa hobeto betetzen dutelako, hobeto janzten direlako edo eta bizitza pribatu "zuzenagoa" dutelako. Ez da ba izango askori enbarazu egiten dietelako, orain dela oso gutxirarte ez zuten lehia dutelako?
Datuek erakusten dute, politikan, eta oro har eremu publikoan, emakumeen presentzia parekidea izatetik urruti dagoela. Gure herriari dagokionean ere, berdintasun legeak legebiltzarrean parekotasuna ziurtatzen badu ere, oso urruti gaude oraindik erabaki gunetan parte hartze berdina izatetik. Ikusi besterik ez dago alderdietako exekutibetan emakumeok dugun pisua zenbaterainokoa den. Eta bereziki, alderdi handietan.
Baina datuek are kezkagarriagoa den zerbait erakusten dute: " Gizonezkoak politikan sartzen dira eta geratu egiten dira. Emakumeak poltikatik pasa egiten dira". Noski, tesi hau ez da beti errepikatzen, baina datu objektiboek erakusten dute horrela gertatzen dela kasu askotan, gehiegitan. Adibideak bilatzen hasita, azken urteotan gure herrian gertatu dena ikusi besterik ez dugu. Eta hau ez da kasualitatea. Ez da emakumeok azkarrago nekatzen garelako, edo eta eremu pribatuari garrantzia gehiago ematen diogulako. Ez. Hau gertatzen da emakumeontzat askoz ere jasanezinagoa delako, askoz ere zorrotzago begiratzen zaigulako, eta hutsegiteak askoz ere gehiago zigortzen zaizkigulako. Eta horren kontra egin behar dugu guztiok, emakume eta gizonezkoek. Hasteko, inperfektuak izateko eskubidea aldarrikatuz, gutxienez gizonezkoak bezain inperfektu.
|
-
Aintzane Ezenarro Egurbide
Getaria 1971
Kazetaritza eta soziologia politikoan lizentziatua. 2003ko udal
hauteskundeetatik zinegotzia Getarian, legebiltzarkidea 2005 etik.
|