Zenbat 'noiz arte'? Zertarako?
Iragan den astean beste behin ikusi dugu, etsipenez, gure herriko 34 gazte atxilotzen, ustez Segi berrantolatzen aritzeagatik eta berrantolaketa horretan gazte-talde desberdinetan sartzeko helburua izateagatik. Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari jarraituz, zeinak Haika-Segi talde terroristatzat jotzen zuen, taldekide izatea nahikoa da terroristatzat hartua izateko eta, beraz, Zigor Kodeak kasu horietan ezartzen dituen zigorrak ezartzeko. Baina, indarrean egon arren, ez gaude ados. Ez gara nekatuko esateaz «dena ETA da» tesiari jarraituz, lehenengo Auzitegi Nazionalak eta ondoren Auzitegi Gorenak berretsitako jurisprudentzia horrek hankaz gora botatzen duela Zigor Kodearen oinarrizko araua: delitua pertsonala dela; alegia, inoiz ez taldekakoa.
Pertsona horietako kasu bakoitzean delitu zehatzen bat egin
duen zantzuak baleude, kasu horietan ireki beharko lirateke ikerketak,
eta frogarik balego, orduan atxilotu. Baina azken urteotan Zigor Kodeko
oinarrizko arau hori alde batera utzi eta, makro-sumarioen bidetik,
delitua kolektiboa izatera pasa da, bultzada politikorik gabe
ulertezina litzatekeen aldaketa eraginez Espainiako justizian. Horren
aurrean, horren kontra agertu da gizartearen gehiengoa eta, bestelako
giza eskubideen urraketak salatzearekin batera, justiziaren jokamolde
hori ere salatu du behin eta berriro. Horrela egiten jarraitu beharra
dago, zuzenbidezko estatu batek eman behar dituen gutxieneko bermeak
izatea nahi badugu behintzat.
Hori izan zen, besteak beste, larunbatean atxiloketa horiek
salatzeko Bilbon elkartu ginen milaka lagunen arrazoi nagusietakoa.
Baina horrekin batera, egunotan izan diren kale-borroka ekintza
guztiak, arbuiagarriak ez ezik, kalterako direla salatu nahi dugu.
Guztionak diren baliabide publikoak erretzearekin zer arraio lortzen
den ia inork ulertu ez arren, argi dago lortzen duten bakarra Segi
indarkeriarekin lotu nahi dutenei argumentuak ematea dela. Eta,
ondorioz, Espainiako justiziaren gehiegikerien aurrean dagoen kritika
arintzea eta estaltzea. A ze ekarpena!
Hori dela eta, salaketaz harago, gazte gehiago kartzelatzen
ikusi nahi ez dugunok gogoeta ere egin behar dugu. Gogoeta egin eta
arduraz jokatu. Indarkeriaren aurrean jarrera akritikoa izan duten
ezkertiar eta abertzaleek argi adierazi behar diete euren gazteei:
indarkeriak ez ditu gatazkak konpontzen, gaiztotu baizik; indarkeriaren
erabilerak kartzelara edo heriotzara eramaten du, ez beste inora. XXI.
mendean indarkeriaren aldeko hautua egitea, samina eragiteaz gain,
norberaren bizitza pikutara botatzea besterik ez dela. Argi hitz egin
behar zaie gazteei eta bide horrek nora daraman zehatz-mehatz esan.
Kontrakoa egitea datozen belaunaldiekiko dugun arduraz paso egitea
litzateke; gure seme-alabek etorkizun beltza, gurea baino beltzagoa,
izango dutela onartzea, besterik gabe.
Eta gazteei ere mezu zuzena helarazi nahi diegu: estatuaren
eraso eta gehiegikeriei buruarekin erantzun behar diegu, ez tripekin!
Betiko dinamikek betiko erantzunak eragiten dituztelako;
kale-borrokaren ekintzekin erantzuteak atxiloketa gehiago, sufrimendu
gehiago, kartzela gehiago besterik ez dakarrelako. Noam Chomsky-k zioen
bezala, «indarkeriaren eremuan sartzea, haiek indartsu diren eremuan
sartzea» delako. Estatu espainiarraren ahulgunea gehiengo
demokratikorik ez izatea delako eta, beraz, borroka eraginkorra borroka
politikoa delako.
Bada garaia zenbait galdera egiten hasteko. Anje Duhalderen kantuak dioen bezala: Zenbat samin?/ zenbat malko?/zenbat ohe huts eta hildako?/ Zer behar da bizirik irauteko?/ Zenbat noiz arte?/Zertarako?
Galderak egin eta erantzun desberdinak eta hobeak izan badirela
sinetsi. Hortik abiatuta bakarrik aldatuko dugu egoera. Aldiz, betiko
erantzunek betiko dinamika elikatzen jarraituko lukete. Norberak erabaki dezala.
Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua, Oxel Erostarbe legebiltzarkidearekin batera sinatua.

