Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Blogak Aintzane Ezenarro 2009 Ekaina 02 Giza eskubideez, biktimez eta errespetuaz

Giza eskubideez, biktimez eta errespetuaz

Etiketak:

Hiltzaileen estrategiari jarraitzea». Horixe da, Mari Mar Blanco Giza Eskubideen Batzordearen buruaren esanetan, aurreko legealdian motibazio politikoko biktimak -batez ere poliziaren gehiegikeriaren ondoriozko biktimak- aintzat hartzeko eta biktima direla onartzeko hasitako bidea.

Biktima den heinean pertsona horrek merezi digun errespetu eta elkartasunetik abiaturik, gure ustean, horrelako adierazpenek ezgaitu egin zuten Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen buru izateko, ezen kargu horrek oinarrizko eskubideak urratu zaizkion edozein pertsonarenganako errespetuzko jarrera izatea eskatzen baitu, ezinbestean. Emakume horrek, baina, batzordeburu aukeratua izan aurretik ere, uko egin zion horri, ETAk eragindakoa ez den edozein biktimarentzat mingarriak diren adjektiboak erabiliz uko egin ere. Biktima izateak ez dio inori arrazoi politikoa ematen, are gutxiago beste biktimen gainetik jartzeko baimenik ematen.

Talde gehienei, Eusko Legebiltzarreko gehiengoari, gizartearen gehiengoari eta -are okerrago- biktima askori errespeturik agertzen ez dionak ez du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko buru izaterik, hain justu batzorde horren eginkizun nagusia baita giza eskubide guztiak errespetatzen direla zaintzea eta gerta litezkeen urraketa guztiak, edozein direla ere, salatzea. Horrexegatik eskatu genion, eta berriz ere eskatzen diogu, adierazpen mingarri eta iraingarriok erretiratzeko.

Baina PPren erantzuna kontrako noranzkotik joan da. Ez bakarrik ez dituzte adierazpenotan atzera egin, baizik eta beste batzuk ere gehitu dituzte: «Aralarren jarrerak higuina ematen du», esan zuen alderdi horretako presidenteak, eztabaida publikoak eskatzen duen errespetu eta begirunea berriz ere urratuz (ez baikara gutxi Espainiako eskuinak bere adierazpenetan erakutsi ohi duen errespetu falta erabatekora ohitzeko asmorik ez dugunak).

Deigarria egiten zaigu, halaber, adierazpenekiko PSE-EEren isiltasun erabatekoa. Bat al datoz sozialistak gainerakook -alegia, gizartearen erdiak baino gehiagok- «hiltzaileen estrategiaren» jarraitzaile garelako horrekin? Ez al dauka bidelagunei ezer esateko? Halaxe jardun behar al du legealdi osoan? Horixe al da guztiontzako herria ulertzeko duen ikuspegi propioa?

Sufrimendu guztiak aintzat hartzea eta besteen sufrimendua aitortzen saiatzea ez da hiltzaileei ahotsa ematea, baizik eta herri honetan motibazio politikoko hainbat biktimariok eragindako biktimak egon badirela aitortzea. Eta aitortzea guztiek merezi dutela egia, justizia eta ordaintza-eskubide berbera dutela. Baita erakundeen aitorpena ere.

Horrekin guztiarekin aldarrikatzen ari garena ez da berdintzea, ezta distantziakidetasuna ere.

Errealitatea orokorrean ikusteko, ez da behar erdian jartzea; begirada altxatzea da behar dena, bakoitza dagoen lekutik, urrunen dagoenari ere begiratzeko, inolako konparaziotan sartu gabe, baina herri honetan egon diren urraketa guztiak aitortuz.

Egon badira beregandik urrutien dauden biktimak ez aitortzeagatik erakundeek egiten dituzten aitortza ekitaldietan biktima guztiak ez direla egoten diotenak eta argumentu gisa erabiltzen dutenak. Eta hala da, bai. Baina bidea oinez egiten da. Eta horixe da, hain justu, Aralarretik sustatzen ari garena azken urteetan: biktima guztien errekonozimendua aldarrikatzen dugu, baina gu ere bustiz. ETAren eta indar armatu guztien biktimen omenezko ekitaldietan parte hartuz, baita asteburuan Tolosan egin den omenaldian ere. Lehenik eta behin, horiek guztiak aitortzeko, baina baita motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimak aitortzea aldarrikatzeko ere, aitortza bera merezi dutelako.

Giza eskubideak eta biktimak. Sentiberatasunik handiena merezi duen kontuzko gaia da, are gutxiago aprobetxamendu politikoa egiten jarduteko, begirada autokritikoa eta irekia eskatzen duena eta enpatia dosi handiak behar dituena: bestearen lekuan jartzea eskatzen duelako eta bere sufrimendua ulertu, ukatzen edo deskalifikatzen jardun beharrean.

Dokumentuaren akzioak

giza eskubideak

Posted by tariña at 2009/06/03 10:15
politikarien sinesgarritasuna dilindan dagoenean,Eusko Jaurlaritzan eman duzuen duintasun lekzioa batzorde bateko lehendakaritzaren ordez gure printzipioak lehenetsiz,txalotzekoa da.jarrai bide beretik

Deseroso

Posted by Nonor at 2009/06/08 13:52
Guztiz ados nago biktimen inguruko zure diskurtsoarekin, eta ziurrenik gizartearen gehiengoa gurekin bat dator.
Tolosan, orain dela sei hilabetetatik, hilean behin 80 bat pertsona bildu izan dira omenaldi modura. Seigarren hile honetan parlamentuko alderdi guztiak ados jarri dira ahobatez indarkeriaren biktima guztiak omendu nahian, alde batekoak ala bestekoak izan. Euskal telebista publikoak esan du 100 pertsona inguru bildu direla. Irudiak ikusi eta politikari ezagun asko; ezezagunak biktimen familiartekoak ote? Milaka pertsona egon beharko lirateke, teorian denok baikaude horrelako ekimenen alde, baina doana, konpromisuz doa. Ez gaude ohituak kalera irtetera, bizitza publikoan parte hartzera, eta are gutxiago omenaldian omenalditik kanpo ezinikusia diogun giza taldea aurrez aurre dugunean.
Eskerrik asko