Historia
Aralar ezker abertzalea modu zibil eta politiko baten ordezkatzen duen alderdi politikoa da
Iritzi ildo horrek erakundeetan normltasunez parte hartuko zuen egitura politiko autonomo baten aldeko apustua egin zuen. Inongo talde armaturekiko menpekotasunik gabe, eginkizun politikoari lehentasuna emango zion egitura politiko baten alde. Euskal Herriko gatazka politikoari, irtenbidea, elkarrizketaren bitartez eman behar zitzaiola defendatu zuen bere hasierako pausoetatik. Hori horrela izango zela ziurtatzeko, iritzi ildoko partaideek alderdi propioa sortzea erabaki zuten, eta ildo ideologikoaren eta ildo politikoaren inguruko eztabaidak burutu eta gero, 2002ko ekainean bere eratze kongresua egin zuen Aralarrek.
2002an hasitako ibilbide horrek hauteskundeetako lehian sartu zuen Aralar. Hasieratik Nafarroako lehen indar abertzale bihurtu zen lau parlamentari eskuratuz, eta EAEko legebiltzarrean eta hiru Batzar Nagusietan ordezkariak izatea ekarri du. Baita, Arabako Diputazioan diputatu bat ere.
Horrez gain, 2004ko Espainiako gorteetarako hauteskundeak zirela eta, Nafarroan ekimen berritzailea sustatu zuen: Nafarroa Bai. Lau alderdi abertzalea eta ezkerrekoren koalizioak (Aralar, Batzarre, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Eusko Alkartasuna) ordezkaria eskuratu zuen Madrilen eta, 2007an Nafarroako Foru hauteskundeetan bigarren indar politiko bihurtu zen.
EAE mailan ere ezkerreko alderdiekin eta erabakitzeko eskubidearen alde daudenekin elkarlana bultzatzen saiatu da Aralar. Horrela 2003ko Espainiako Hauteskunde Orokorretara Zutikekin koalizioan aurkeztu zen eta 2007ko Foru Hauteskundeetan Ezker Batuarekin egin zuen koalizioa.
Kongresuak
2002ko ekainaren 22an eta 23an Aralarrek bere lehenengo kongresua egin zuen Gasteizko Villasuso jauregian, Ehkotopia izenburupean. Bertan ezarri zituen gerora bere ibilbidean lagun izan dituen ezaugarriak: independenismoa, sozialismoa, ekologismoa, desobedientzia zibila eta globalizazioaren aurkako jarrera, besteak beste. Aralarren jardun eremua ere ezarri zen kongresuan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egituratzeko erabakia hartu zen, Iparraldean dagoeneko Abertzaleen Batasuna bezalako erakunde batek ezker abertzale politiko eta zibilaren eginkizuna betetzen zuelako. Kongresu horretan, alderdiko koordinatzaile orokor izendatu zuten militanteek Patxi Zabaleta, eta, zuzendaritzako kide, Juan Martin Elexpuru, Julen Madariaga, Iñaki Aldekoa, Juan Luis Ercilla, Miren Egaña, Ernesto Merino, Ion Andoni del Amo, David Garnatxo eta Inaxio Lopez Arana.
Geroztik beste kongresu bi burutu ditu Aralarrek; 2004an Ezkerretik Independentziara izenburupean egin zuen bigarrena, Donostian. Patxi Zabaleta izendatu zuten koordinatzaile nagusi militanteek eta zuzendaritzako kide Jon Abril, Iñaki Aldekoa, Fernando Atxa, Mikel Basabe, Ainhoa Beola, Jon Andoni del Amo, David Garnatxo, Maritxu Goikoetxea, Fernando Hevia eta Ainhoa Larrañaga. “Independentzia aukera politiko bat da eta aukera hori bilaka daiteke eta bilakatuko da gehiengoaren onespenaz”, adieraz zuen bigaarren kongresuan koordinatzaile nagusi izendatu eta gero Zabaletak.
2006an EzkerrAberri lelopean egin zen Aralarren ildo politikoa finkatu eta sendotzeko balio izan duten kongresuetan azkenekoa, Bilbon. Aralarren militante guztiak biltzen dituen organoak Patxi Zabaleta izendatu zuten alderdiaren ordezkari nagusi, beste behin ere. Mikel Basabe, Jon Abril, Iñaki Aldekoa, Eneka Arantzabal, Ainhoa Beola, Oxel Erostarbe, Itziar Gomez, Dani Maeztu, Iosu Murgia eta Aritz Romeo, berriz, zuzendaritza kide.

