Rebeka Ubera: “Gehiegi kobratzea Diputazioari normala iruditzea sinesgaitza da”
Rebeka Ubera Aralarren batzarkide taldeko bozeramailearen arabera, “gaur egungo bidesarien egokitasunaren eztabaida albo batera utzita, gure ustean ez dira egokiak, bidegabea dena da autopistaren erabiltzaileek erabili ez dezaketen zerbitzu batengatik aldez aurretik kobratzea, horrelaxe gertatzen baita Donostiako bigarren ingurabidearekin gertatzen den bezala”.
“Diputazioak inolako lotsarik gabe esaten du A-8 autobidearen erabiltzaileen %20ri arrazoi gabe kobratuko diela bigarren ingurabideko zatia erabiltzeagatik, batzuk erabili ere ez dutelako egingo. Hori bidegabea da, eta ezin da onartu”.
Rebeka Ubera Aralarreko bozeramailearentzat, “ez da egia ukazio jarrera dugunik, eta horren erakusle da Diputazioaren hanka-sartze hori konpondu asmoz Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu dugun proposamena. Erabiltzaileei TAGa izatea behartzen bazaie gaizki kobratutako itzuli ahal izateko, doakoa izan beharko litzateke. Joan-etorria egiten duten erabiltzaileei dirua itzultzea bada asmoa, gaueko txandan lanean daudenak aintzat hartu beharko dira, bidai bat egun batean eta itzultzekoa beste egun batean egiten dutelako; gauza bera gertatzen da autobidetik irten eta beste batetik sartzen direnekin”.
Uberak azpimarratu duenez, “sistema horrekin ados ez gaudelako aurkeztu dugu gure proposamena, dauzkan akatsak zuzentzeko helburuarekin. Berehala konturatuko gara zein den Diputazioaren jarrera: ukazioan tematuta edo akatsak zuzentzeko borondatea duen ikusiko dugu”.

