Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea "Jaurlaritzak ausardiaz jokatu beharko luke hizkuntzaren normalizazioaren oinarriak sendotzeko eta normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko"

"Jaurlaritzak ausardiaz jokatu beharko luke hizkuntzaren normalizazioaren oinarriak sendotzeko eta normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko"

Prentsa 2009/01/18
  • euskara

"Gure ustean, onarturik dauden legeak betetzeaz gainera, funtzio publikoaren legea aldatu egin beharko luke, bi norabideetan: batetik, jende-aurreko lanpostuetan langile elebiduna hautatzeko aukera egongo dela segurtatzeko eta, bestetik, instituzio batean hizkuntza-eskakizuna duten gehienezko lan-postuen goiko muga ezabatzeko. Izan ere, horixe da erabilera indartzeko ezinbesteko urratsa: herritarrak jakitea normaltasun osoz jardun ahal izango duela administrazioarekin". Aralarren Arabako hautagai Mikel Basabek, Aralarren koordinatzaileorde Jon Abril eta Arabako koordinatzaile Iñaki Aldekoarekin batera egindako prentsaurrekoan egin du eskara.

Europako Kontseiluaren aditu-batzordeak euskararen egoeraz egin duen txostena hizpide hartu du Aralarrek Gasteizen egindako prentsaurrekoan Jaurlaritzak hizkuntza politikan egin ez duena gogora ekartzeko. Izan ere, "Europako Kontseiluaren aditu-batzordeak euskararen egoeraz jasotzen duen babesaz eta sustapenaz egindako txostenean alde positibo ugari jaso diren arren, Estatuko Administrazioak, bai Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere, hobetu beharreko arloak dituztela ere jasotzen du".

Basabek adierazi duenez, "zoritxarrez, Estatuko Administrazioak euskararen sustapenean egin beharko lituzkeenak eta egiten ez dituenak zerrendatzea alferreko lana da: ezaguna da Estatuko gobernu guztiek, edozein dela ere duten kolore politikoa, euskara sustatzeko batere asmorik ez dutela izan inoiz. Eta ez dirudi hori epe laburrean aldatuko denik".

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, egindako lanaren ondoan egin gabekoa ere zehaztu du adituen txostenak. Aralarren ustean, "bereziki aipagarria hauxe: "En algunos casos, sin embargo, las autoridades vascas aún deben aplicar la legislación vigente y aprobar los decretos pertinentes (…)". Bitxia da Eusko Jaurlaritzak oraindik ere erabat bete gabe izatea indarrean dagoen legeria.  Gure ustean, onarturik dauden legeak betetzeaz gainera, funtzio publikoaren legea aldatu egin beharko luke, bi norabideetan: batetik, jende-aurreko lanpostuetan langile elebiduna hautatzeko aukera egongo dela segurtatzeko eta, bestetik, instituzio batean hizkuntza-eskakizuna duten lan-postuen goiko muga ezabatzeko. Izan ere, horixe da erabilera indartzeko ezinbesteko urratsa: herritarrak jakitea normaltasun osoz jardun ahal izango duela administrazioarekin".

Aralarren Arabako hautagaiak gogora ekarri du aipatzekoa dela, gainera, Osakidetza eta Ertzaintza beren beregi aipatzen direla. "Azken horren kasuan, aukera ederra galdu du Eusko Jaurlaritzak azkeneko lan eskaintzan, zeinean euskara jakitea asko jota hautazkoa izan den. Ertzain bikoteetan bietako batek euskaraz jakin behar duelako iritzia berresten du Aralarrek".

Hezkuntzari dagokionez, txostenak aipatzen ez duen zerbait nahitaez ekarri behar hona: Hizkuntza-ereduen artean, hizkuntza ofizial biak ikastea ziurtatzen ez duen A eredua indarrean dago oraindik, Jaurlaritza ez delako gauza izan eredu-proposamenik Legebiltzarrera eroateko. Horren aurrean, premiazkoa da, ikasleek derrigorrezko hezkuntza bukatzen dutenean hizkuntza ofizial biak jakin ditzaten, A eta B ereduak bakarrean batzea, irakasgaien %60 euskaraz emanik, eta D eredua sendotzea.

Horrez gainera, txostenean aipatzen diren puntu bi ere ekarri behar: Lanbide Heziketan egoera tamalgarrian jarraitzen du euskarak: Jaurlaritzaren datuen arabera, %18ra igo da Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera. Eskaintza txikiegia da, eta eskaintza publikoa zer esanik ez. Urteetan ez da ia esfortzurik egin alor horretan eta indar handiagoz ekin beharko lioke, aldaketa nabaritzen has dadin. Hezkuntzako beste puntua helduen hezkuntza iraunkorra da: hor ere ez da ia esfortzurik egin.

Aralarren ustean, bai oraingo Jaurlaritzak, baita udaberrian egongo denak ere lehentasunezkotzat izan beharko lituzke kontu hauek guztiak, eta ausardiaz jokatu, hizkuntzaren normalizazioaren oinarriak sendotzeko eta normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko.  

Dokumentuaren akzioak