Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Aktualitatea Batzuk beren jarduna Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen dutenean, Aralarrek eta ABk baietz esaten diote Euskal Herriari

Batzuk beren jarduna Euskal Herriaren ukazioan oinarritzen dutenean, Aralarrek eta ABk baietz esaten diote Euskal Herriari

Prentsa 05/02/2010
  • Nekane Perez
  • Basabe
  • AB

Aralarreko eta Abertzaleen Batasuneko ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Donostian, EAEko Auzitegi Nagusiak ‘Euskal Herria’ terminoaren inguruan emandako azken epaiaren balorazioa egiteko. “Batzuk beren jardun osoa oinarritzen dute Euskal Herriaren ukazioan. Bada, guk, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak argi eta garbi esaten diogu baietz Euskal Herriari, lehen, orain eta beti”, adierazi dute Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak, Nekane Perez Nafarroako Aralarreko parlamentariak eta Joseba Garai Abertzaleen Batasuneko idazkaritzako kideak.

“Euskal Herria, beraz, bada. Termino historikoa da, eta kulturala eta hizkuntzazkoa. Bai, hori guztia da. Baina termino politikoa ere bada. Negatiboan eta positiboan defini daitekeen termino politikoa da. Negatiboan, Hego Euskal Herrian, alderdi popularrak eta alderdi sozialistak definitzen dute: euren diferentzia sozialen gainetik, elkar harturik dihardute Iruñe eta Gasteizeko gobernuetan, proiektu unionista berberak batzen dituelako”, adierazi du Nekane Perez. Joseba Garaik, bere aldetik, gaineratu du “. Ez da horretan diferentzia handirik Ipar Euskal Herrian ere, zeinean berdin Miterrand nola Chirac hauteskunde-kanpainan eman zuten hitza jan, eta Euskal Departamentua osatzeari uko egin baitzioten”.

Baina Aralarrek eta Abertzaleen batasunak positiboan definitzen dutela Euskal Herria azpimarratu dute. “Herri bat gara. Egunen baten, herritarren gehiengoaren borondatea biltzen dugunean, estatu izango den herri bat. Gainerako herrien pare jardun nahi duen herria gara, lurraldetasuna badaukaguna. Zazpi herrialdek osatzen dute Euskal Herria, mendeetan zehar epaile guztien erabakien gainetik bizirik iraun duen herria, esan du Garaik. Gaineratu duenez, “gaur, XXI. mendeko 2010 honetan estaturik gabeko herria izateak ez du esan nahi etorkizunean hala jarraituko dugunik: abertzaleok hala izan ez dadin lanean jarraituko dugu, gure herritarren gehiengoa konbentzitzeko lanean. Ziur gaude, berandu baino lehenago, herri honek entitate juridiko eta administratibo propioa izango duela. Egun horretan utziko dio Euskal Herria terminoak ‘karga ideologikoa’ edukitzeari: gainerakoen pare garenean”.

“Bereziki gogorra egiten zaigu nafarrei Nafarroako Gobernuak adierazitako jarrera”, nabarmendu du Perezek.   “Poza adierazi dute, irabazletzat hartzen dute beraien burua. Oraingoan ere, dagoen aniztasunak talka egiten du bete-betean UPNren Nafarroa uniformearekin. UPNk ez du Nafarroaren aniztasuna onartu nahi eta jarrera horrek bultzatzen ditu Nafarroaren bere ideia estutik kanpo dagoen edozein planteamenduri aurre egitera, onak eta gaiztoetako pelikuletan bezala, nirekin edo nire kontra.  Betiko politika “frentista” bilatu zuten helegitea aurkeztearekin, eta uste dute partida hori irabazi dutela, “beraien Nafarroa” esportatzen lortu dutela baina, beste hainbestetan bezala, oker dabiltza”.

“Sententzia honekin Nafarroa eta Iparraldea Euskal Herritik kanpo utzi nahi dituzte”, azpimarratu du Garaik, “Baina honekin egiten den bidegabekeria ez dugu soilik Iparraldean eta Nafarroan pairatuko. Zazpi herrialdek osatzen dute Euskal Herria eta denok ez bagaude ez dago Euskal Herririk, kontua beraz ez da Nafarroa bai ala ez, Iparralde bai ala ez, baizik eta Euskal Herria bai ala ez., eta guk argi dugu Euskal Herria bai, orain eta beti”.

Acciones de Documento