Bateraren galdeketan parte hartzera animatu ditu Aralarrek Ipar Euskal Herriko herritarrak
Baterak deituta, galdeketa egingo da Ipar Euskal Herriko 122 herritan datorren igandean. Galdeketak legezko baliorik izanen ez badu ere, Ipar Euskal Herriak behar duen egituraketa administratiboa lortzeko eta bultzatzeko kontzientziazio lan eredugarria da galdeketa, Aralarren irudiko, eta epe ertainera bere emaitzak emanen dituela ziur da. Herri batek bere borondatea bide demokratikoetatik adierazten duenean, ez dago estaturik ez gobernurik borondate hori luzaroan erantzun gabe utz dezakeenik.
Bateraren izaera zabala, anitza, eta erreferentziala azpimarratu ditu alderdi abertzaleak. “Bere hastapenetik, Baterak sentsibilitate ezberdinetako agintariak eta herritarrak biltzen jakin izan du. Pluraltasun ariketa eredugarria izan da, horrelako ekimenek arrakasta izateko ezinbesteko elementua. Halaber, poztu egiten gara, independentistak izan gabe, Frantziako alderdi zentralistetako agintariak direnek, normaltasunez ikustea horrelako galdeketa bat egin ahal izatea, eta parte hartzera deitzea. Demokrazian horrelako galdeketek ez lukete inolako arazo ez debekurik behar. PSOE zein PPko agintariek ikasi egin beharko lukete horrelako esperientzietatik.
Aralarren irudiko, galdeketak Ipar Euskal Herritarren gehiengoaren nahia agerian utziko du, Frantziako estatu zentralista gainditu eta bestelako harreman eredu baten beharra eta nahia geratuko da agerian. Galdeketa ariketa guztiz demokratikoa da, eta are gehiago bilatzen dituen helburuak zein diren ikusita, guztiz zilegiak eta demokrazian sakontzeko beharrezkoak: euskararen ofizialtasuna, euskal unibertsitatea, Laborantza Ganbera eta berezko egitura administratiboa.

