Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Aktualitatea Aralarren ustez, aldaketa politikoa inoiz baino beharrezkoagoa da Nafarroako gizartearentzat

Aralarren ustez, aldaketa politikoa inoiz baino beharrezkoagoa da Nafarroako gizartearentzat

Nafarroa 01/06/2010
  • UPN
  • Txentxo Jimenez
  • PSN
  • Krisia

Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak gaur goizean adierazi duenez, “aldaketa politikoa inoiz baino beharrezkoagoa eta premiazkoagoa da Nafarroako gizartearentzat, gure eredu ekonomikoaren eta ongizate ereduaren hondatzea pairatzen ari delako, UPN eta PSNren jarduera eta proiektu agortuen ondorioz”. Txentxo Jimenezek azpimarratu duenez, “agortze horren hainbat adibide daude, baina begi bistakoa da hartzen dituzten neurrietan, iparra galduta dutela nabari delako; krisi ekonomiko honi aurre egiteko Nafarroak zeuzkan baliabide ekonomiko guztiak xahutu dituzte beren neurriekin”.

“Nafarroako etorkizunarentzat funtsezkoak diren proiektuak aurkezten dituztenean —herrialdeko aurrekontuak, Nafarroa 2012 Plana, Moderna Plana—, euforia giro batean murgiltzen dira bi alderdiok eta Nafarroako Gobernua, baina berehala pasatzen dira beste egoera batera, zeinetan noraeza eta utzikeria nagusi den”, esan du.

 

Txentxo Jimenezek agertu duenez, “PSN eta UPN krisi ekonomikoaren larritasuna eta horri aurre egiteko neurriak azaltzerakoan egiten duten eszenfikazioan izaten diren gertaerek, jarduerek eta jarrerek agerian uzten dute ez batak eta ez besteak ez dutela proposamenik, irudimenik ez erabakitzeko gaitasunik krisiak gure gizartean uzten ari diren ondorioei aurre egiteko eta bere ondorioak murrizteko”.

 

Nafarroako Aralarreko koordinatzailearen hitzetan, “bereziki larria iruditzen zaigu eztabaida UPNren eskuinak Zapateroren neurriei babesa eta ematea edo ez izatea. Zapateroren neurriak, gainera, ez dira bidezkoak, elkartasunik gabekoak dira eta gutxien dituenak zigortzen ditu, eta ez dute balioko bizi dugun krisiaren ondorioak murrizteko”.

 

“Zoritxarrez, UPNren eta PSNren artean ez dago eztabaida bat krisia gelditzeko edo bere ondorioak murrizteko ereduaren inguruan, norberaren bizirautean jartzen ari dira ahalegin guztiak eta agerian uzten ari dira beldur bakarra dutela: egoera honek guztiak hauteskundeetan ondorio dramatikorik ez uztea”, adierazi du.

 

Zentzu horretan, Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak azaldu duenez, “Nafarroak bizi duen egoera larriak eta aurreikuspen eskasek agerian uzten dute gure erkidegoak aldaketa politikoa behar duela, eta hori premiazkoa dela. Aldaketa hori premiazkoa da, bizi dugun egoeraren larritasunaren adinakoa, eta aldaketaren ondorioz lortu behar duguna da bizi dugun egoerari erantzun baikorrak eman ahal izatea”.

 

Gaineratu duenez, “langabeziaren etengabeko hazkundeari ezin zaio aurre egin inbertsio publikoak murriztuz edo zerbitzu publikoak mantendu ahal izateko administrazioak behar dituzten baliabide ekonomikoak murriztuz. Guztiz kontrakoa egin behar da, administrazioen baliabide ekonomikoak handituz politika sozialak bultzatu ahal direlako, krisi egoera larrienak bizi dituztenen egoera arindu ahal izateko”.

 

Amaitzeko, Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak ohartarazi duenez, “diru-sarreren hazkundea emateko politika eraginkorrak ezartzea ezinbestekoa da, eta horretarako, zerga politikaren errotiko aldaketa egin behar da, zerga ez-zuzenetan moldaketa handiak eginez, ezabatutako zerga batzuk, Ondare Zerga, adibidez, berreskuratuz eta finantza-erakundeei, burtsako mugimenduei eta aberastasun handiei bideratutako zerga berriak ezarriz”.
Acciones de Documento

UPN

Txentxo Jimenez

PSN