Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Aralarrek salatu egin du Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak ez onartu izana Kontsulta Legeaz aurkeztutako demanda

Aralarrek salatu egin du Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak ez onartu izana Kontsulta Legeaz aurkeztutako demanda

Prentsa 2010/02/24
  • Giza Eskubideak
  • Estrasburgoko epaitegia

Aralar alderdi politikoak gaur goizean jaso du Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiaren jakinarazpena Kontsulta Legearen debekuaren harira aurkeztutako demandaz. Epaitegiak ez du tramitera onartu, eta hortaz, ez da edukian sartu. Erabakia behin-betikoa da eta apelaezina. Horretarako, azaroaz geroztik indarrean dagoen “epaile bakarraren” figura erabili dute, epaile gehiagoren aho-batezko erabakiak saihestuz. Arrazoi juridikorik ere ez du eman epaileak, eta hortaz, soilik motibazio politikoa sumatzen dugu, Euskal Herriko gatazkaz Europan hitz egin ez dadin.

Aralarren irudiko guztiz gaitzesgarria da demanda bera tramitera ez onartu izana, eta funtsean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsulta debekatu izana deitoratu nahi du. Debekuak agerian uzten du Espainiako estatuaren kalitate demokratiko eskasa, eta Kanada bezalako herrialdeetan posible dena, herritarrak galdekatzea alegia, ezinezkoa da Espainiako estatuan. Atzerakoia eta antidemokratikoa da jarrera hau.

Europa autodeterminazio eskubidean oinarrituta eraiki zen, eta orain, Europak ez du nahi herrien autodeterminazio eskubideaz hitz egin dadin. Giza eskubideen defentsan berme izan da historikoki Europa, baina azken boladan atzerapauso nabariak ikusten ari gara alor honetan.

Aralarrek erabakitzeko eskubidea defenditzen jarraituko du, eskubide demokratikoa delako eta giza eskubideetan oinarritua dagoelako. Euskal Herriak bere jokabide eta etorkizun politikoa erabakitzeko eskubide osoa du, eta horren defentsan tinko jarraituko du Aralarrek, debekuak debeku, eta oztopoak oztopo. Ez sententzia batek, ez hamaika sententziak ez dute gure asmo demokratikoaren defentsa ahulduko.

 

Dokumentuaren akzioak