Aralarrek eta ERCk deitoratu dute Epaitegi Konstituzionalak Kataluniako herritarren borondateari murrizketa ezartzea
- Patxi Zabaleta
- ERC
Aralarrek eta ERCk bilera egin dute gaur goizean Iruñean, Katalunian estatutuarekin eta erreferendumekin gertatzen ari denez eta Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan gertatzen ari denaz iritziak elkartrukatzeko. Bilera hasi baino minutu batzuk lehenago, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak eta Joan Puigcercos ERCko presidenteak agerraldia egin dute, eta bere hurbiltasun politikoa adierazteaz gainera, etorkizunean ere elkarrekin jarraitzeko borondatea azaldu dute.
Zabaletak azaldu duenez, “Euskal Herritik begi onez ikusten dugu Katalunian erreferendumak egitearekin zabaldu duten bidea, eta Epaitegi Konstituionalak emango duen ebazpenaren zain gaude, horrek eragin kaltegarria izango duelako Euskal Herrian eta Galizian ere bai”.
Puircercosek, bere aldetik, ebazpenaren zergatia azaldu du: “PSOEren lehengo Espainia anitzak eta PPren Espainia uniformeak bat egin behar dute nahikoa da eta prozesu autonomikoa bukatu dela adierazteko”.
ERCko presidenteak gogoratu du Estatuta Kataluniako Parlamentuan onartu zela gehiengo osoz, eta Zapaterori leporatu dio Kongresuan “murrizketak” ezarri zizkiola. “Eta orain, azken aizkorakada eman nahi diote”.
“Epaitegiak prozesu autonomikoaren amaiera argi eta garbi adierazi behar du, B planik ez dutelako”, esan du. Gaineratu duenez, ERCk A plana defendatzen du, hau da, Kataluniako instituzioek independentziaren inguruko erreferenduma antolatzea, “hurrengo ziklo politikoan”.
Puigcercosek azpimarratu du horixe dela bidea. “Behin ziklo autonomikoa bukatuta, herritarrei eman behar zaie hitza, eta horren arabera, hurrengo legealdian kontsulta bat antolatu behar dugu Katalunian, autodeterminazioa eskubidea praktikan jartzeko eta independentziarako bidea ezartzeko beharrezkoak diren lege aldaketak sustatzeko”. Gaineratu duenez, “bide zaila baina demokratikoa” da, eta “gerta daitekeen egoera” dela ohartarazi du.
Zapateroren lan erreforma ere hizpide izan du Puigcercosek, eta aurreratu duenez, “ERCk ez du aldeko botorik emango, kaleratze librearen aldeko apustu garbia delako”. ERCko presidenteak gaineratu duenez, “gure proposamenetako asko onartuko balira, abstentziora joko genuke, baina gure aldeko botoa erabat baztertuta dago”.
Puigcercosek aurreratu duenez, “malguntasunak Asiarantz begiratu beharrean Europara begiratzera bideratutakoak dira gure proposamenak”.
Bestalde, eta kazetarien galderei erantzunez, Aralar eta ERCko buruek bat egin dute Batasunak eta EAk igandean sinatutako dokumentuaren balorazioa egiterakoan. Esan dutenez, “konpromiso zuzen batzuk falta zaizkio, eta beraz, ez da nahikoa”.
Zabaletak adierazi duenez, “akordio horrek ez du esan nahi Batasuna Nafarroa Baira hurbiltzen denik. Ez du NaBain sartzerik eskatu, eta beraz, une honetan ez dago horrekin zerikusia daukan inongo prozesurik zabalik”.
Gaineratu duenez, Nafarroa Baiko oinarriak “ondo zehaztuak” daude 2003tik, eta nahiz eta zenbait zentzutan Batasunaren aldetik “hurbilketa objektiboa” gertatzen ari den arren, bide soilik politikoak erabiltzeko horretan, adibidez, “EArekin sinatutako akordioan balearekin zerikusia daukan balizko prozesu bati lotuta izango ez diren zenbait konpromiso zehatz falta dira; baldintzaturik egongo ez den irizpide nagusia izan behar du horrek”.
Zabaletak zehaztu duenez, Aralarrentzat ezinbestekoa da ezkerreko edukiak izatea, “eta horrelakorik ez da jasotzen”. “Aniztasunaren eta irizpide demokratiko guztien defentsa ere ez da jasotzen, eta defentsa horrek errotiko planteamendu demokratikoa izan behar du”.
Zabaletaren adierazpenekin bat eginez, Puigcercosek esan du “zuhurtasun osoz” hitz egin behar duela gai honen inguruan, “beste herri bati, Euskal Herriari, dagokion gaia delako”. Baina argi utzi du politikak garrantzia edo nagusitasuna hartzeko edozein apustu beti dela ongi etorria.
“Politikak, erabaki politikoek, garrantzia hartzeko aurrerapausoak beti dira albiste onak”, adierazi du ERCko presidenteak, baina zehaztu duenez, EAk eta Batasunak izenpetutako akordioa ez da nahikoa, “amaierako bidea argia izan behar delako, anbiguetaterik gabekoa eta politikari nagusitasuna hartzeko bidea emango diona, bide soilik politiko eta demokratikoetatik politika egin nahi duten gizon-emakumeei garrantzia handiagoa emango diena”.
Patxi Zabaleta
Aralar propone a Patxi Zabaleta como cabeza de lista de NaBai al Parlamento
Zabaleta: "Con Batasuna y EA trabajamos desde el esquema de Lizarra-Garazi, donde no hubo pacto electoral"
Patxi Zabaleta: “El episodio de la manifestación de Donostia ha puesto de manifiesto una confrontación ideológica entre Batasuna y Aralar sobre la defensa del derecho a decidir”
Patxi Zabaleta: “La huelga de ayer resultó importante en el sentido de aldabonazo a las conciencias de las personas”

