Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Aktualitatea Aralarrek erabakitzeko eskubidea defenditzen duten alderdien gutxieneko akordio nazionala lortzeko ekimena berrartuko du

Aralarrek erabakitzeko eskubidea defenditzen duten alderdien gutxieneko akordio nazionala lortzeko ekimena berrartuko du

Prentsa 07/07/2010
  • Ubera
  • Jon Abril

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako estatutaren epaiarekin eman duen erantzunaren aurrean, Aralarrek uste du erabakitzeko eskubideak inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela. Hala, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa defenditzen duten alderdien arteko gutxieneko akordio nazionala lortzeko ekimena berrartuko duela iragarri du, ondoren eragile sozialekin adosteko”, iragarri du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. Izan ere, gehiengoak biltzean dagoela gakoa uste du Aralarrek

Larunbatean Bartzelonan egingo den manifestazioaren eta Donostiarako deituta dagoen mobilizazioaren harira, prentsaurrekoa egin du Aralarrek gaur goizean Donostian. Abrilez gainera, bertan izan dira Rebeka Ubera Aralarreko antolaketa idazkaria, Aintzane Ezenarro legebiltzarkidea eta Ainhoa Beola Donostiako zinegotzia. Uberak azaldu duenez, Kataluniako estatutaren inguruko sententziak agerian utzi du erabakitzeko eskubidearen kontra aritu izan direla hainbat indar konstituzionalista, “Espainiako aniztasuna aitzakia hartuta”. “Baina bide hau erabat agortua dagoela erakutsi du sententzia honek. Euskal herritarron arteko kontsentsua beharrezkoa zela aldarrikatzen zutenen ereduak kale egin du”, azpimarratu du, eta gaineratu duenez, “Konstituzioaren barrenean bidea egin behar zela ziotenek azaldu beharko digute zein bide proposatzen duten nortasun nazional ezberdinen arteko elkarbizitza gauzatzeko, eta batez ere, nola bideratuko duten herritarren gehiengoaren borondatea”.

 

Aralarren iritzian, “demokrazian sakontzetik” etorriko da konponbidea. “Nortasun nazional ezberdinen arteko gatazka gehiengoaren borondatea gauzatuz moldatu behar da, beti ere gutxiengoen eskubideak errespetatuz. Konponbidea erabakitzeko eskubidea errespetatzetik etorriko da, Euskal Herriaren aitortzatik, eta geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea onartzetik, Europako gainerako herriekin nolako harremanak nahi ditugun erabaki ahal izatetik, beti ere, Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko erabakiguneak errespetatuz”, esan du Uberak.

Baina erabakitzeko eskubidearen borroka “emankorra eta zilegia” izan dadin, soilik bide politikoetatik egindakoa izan behar duela nabarmendu du, bere aldetik, Jon Abrilek. “Borondateak batuz, eta inor baztertu gabe. Geure indarra gehiengo soziala biltzean dago”. Gaineratu duenez, “Aralarretik uste dugu erabakitzeko eskubidearen aldeko lana elkarrekin egin beharrekoa dela, horrela soilik bilduko baititugu gehiengoak. Bazterketen jokoan sartuz gero, gehiengoa izateari uzten diogu, eta ondorioz, erabakitzeko eskubidea eskubide izatetik aldarrikapen izatera pasatzen da. Abertzaleok onartu ezin dugun akats estrategikoa”.

Zentzu horretan, indar konstituzionalistei “gatazka ukatzea” leporatu die. “Hori da euren alternatiba, ukazioa. Normaltasuna Patxi Lopezen gobernuarekin lortu denaren gezurrarekin saldu nahi digute. Gatazka politikoa gainditzeko gure alternatiba euren ezezkoarekin konfrontatu beharra dugu, indarrak batuz”.

 

Horregatik, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa defenditzen dutenen arteko “gutxieneko akordio nazionala” bultzatuko duela Aralarrek iragarri du Abrilek. “Euskal Herrian, Katalunian bezala, gehiengoak biltzean dagoelako gakoa, eta gehiengo hori “nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu” ideiaren defentsatik etorriko da”. Horregatik egongo da Aralar Bartzelonan, datorren larunbatean eginen den manifestazioan”. Mobilizazioan parte hartuko dute Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak eta Abril eta Ubera berak.

Aralarreko koordinatzaileordeak azaldu duenez, Aralarrek hasieratik izan du Bartzelonako mobilizazioan izateko asmoa “ERCrekin eta Kataluniako herriarekin dugun harreman estua tarteko”. Asmo horretan zeudela, azaldu du, Batasunak eta EAk Alternatiba eta Aralar deitu zituzten uztailaren 10ean ere manifestazio bat egitea proposatuz. “Baina Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko baino, autodeterminazio eskubidearen alde. Aralarrek hasieratik transmititu zuen egun horretan manifestazio bat egitekotan Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko eta herri horretako gehiengoak bozkatutakoa defenditzeko izan behar zuela. Eta bide batez, Euskal Herrian autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat egiteko ongi prestatu behar zela, denborarekin gauzak eginez, eragile sozialak eta sindikalak ere batuz”. Aralarren irudiko, “ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidearen alde gauden guzti-guztiok biltzea, inor baztertu gabe, bestela ez dugulako gehiengoa ordezkatzen”. Eztabaida horretan ari zirela, “guri ezer esan gabe”, Aralar manifestazio horren deitzaileen artean zegoela iragarri zuten. “Gure baiezkorik gabe, artean testua bera ere ezagutzen ez genuela. Gure izena modu horretan erabiltzea oso larria iruditzen zaigu”.

 

“Edonola ere”, jarraitu du Abrilek, “manifestazioa eta deialdia, batez ere kataluniar herriarekiko elkartasunean oinarritu zedin saiakerak egin genituen, testu alternatibo bat aurkeztuz, eta autodeterminazioaren aldeko mobilizazioa aurreragoko uzteko eskatuz, bertan, guzti-guztiek parte hartzeko (EAJ, AB, EB, Hamaikabat... barne). Hori onartu ez zitzaigunez, eta adostasunik ezean, gu ez gaude manifestazio horretako deitzaileen artean”.

Garai berriek politika egiteko molde berriak eskatzen dituztela azpimarratu du Jon Abrilek. “Adostasunera heltzeko borondatea, eta konfiantzak sortzen joatea. Egin dena justu kontrakoa da”. Dena den, argitu du hau ez da oztopo izango aurrerantzean ere elkarlanean jarduteko. “Konfiantza hori berreskuratzeko prestutasuna mantentzen dugu. Aralarrek etorkizuneko ezker abertzale politiko sendoa eraikitzeko konpromisoa berretsi egiten du, ezker abertzale zibil eta zabala; ezkerreko balioak lehenetsiko dituena; soilik politikoa; giza eskubide guztien defentsa egiten duena; sentsibilitate ezberdinen batura izanen dena eta bazterketarik gabea; elkarren errespetuan eta elkarlanean oinarritua; aniztasunaren aitortza egiten duena, baita bere erabakiguneetan ere”.
Acciones de Documento