Aralarrek Diputazioaren etorkinen planaren bi urteko atzerapena salatu du
Aralarrek interpelazioa aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrean Maite Etxanizek, Gizarte Politikako diputatuak azal dezan zergatik, legealdia amaitzear delarik, oraindik ez dagoen Etorkinen Plana 2008-2011-ren arrastorik ere. Aralarrek Diputazioaren, kasu honetan Gizarte Politiketarako departamentuaren, kudeatzeko gaitasun eskasa kritikatu du. “Ez zaigu serioa iruditzen legealdiko plan bat legealdi amaieran aurkeztea”, azpimarratu du Rebeka Uberak, Aralarren Batzar Nagusietako eledunak.
Uberak azaldu du 2008ko aurrekontueta 150.000 euroko lerroa ezarri zela Etorkinen Plana 2008-2011 garatzeko. Aralarren bozeramalearen esanetan, Maite Etxanizek azaldu eharko liguke zergatik legealdiaren azken urtean sartzen ari garen unean ez ditugun planaren ildoak ezagutzen. “Azaldu beharko digu zertan gastatu diren 150.000 euroak, edo zertan ez diren gastatu”, azpimarratu du Uberak.
“Atzerapen larri horren arrazoiak azaldu beharko lituzke diputatuak”, gaineratu du Uberak, “atzerapen hori berreskuratzeko asmorik duen ala ez, eta legealdiko zein unetan gauden kontuan izanda abian jartzeko asmorik duen ala ez”.
Uberak azaldu duenez, Maite Etxanizek, Gizarte Politikako batzrde bitan plana amaitzen ari zirela adierazi duela, “baina ez dugu inolako berririk izan. Arduratzeko modukoa iruditzen zaigu 2008 eta 2011 urteak hartu behar zituen plan bat 2010. urtean amaitu gabe izatea. Jakitun gara interpelazioa plana amaitzeko pizgarri izango dela eta espero dugu, epe motzean Batzar Nagusietara etortzea planaren nondik norakoak azaltzera”.

