Aralarrek bidezko merkataritzaren alde egiten du, Arabako ekoizle eta produktuentzat ere bai
Gasteizko Aralarrek begi onez ikusten ditu merkatu plaza berritzeko iragarri dituzten lanak. Aldi berean, administrazio publikoei, udalari eta Jaurlaritzari, gogoratu die kontsumo eta merkataritza ohituretan aldaketak sustatu behar dituela, merkatu plaza bezalako bertako betiko espazioek biziraun ahal izateko.
Aralarrek gogoratu nahi du administrazio publikoek merkataritza gune erraldoiekin bete dutela Gasteiz inguru guztia. Era berean, azpimarratu du merkatu plazan iragarri dituzten berrikuntza lanak ez direla nahikoak izango arazoari konponbide emateko. Horretarako, plangintza estrategiko baten premia aldarrikatu dute, bezeroen eta merkatarien artean bidezko merkataritzaren harremana sortu ahal izateko. Halaber, produktuarekiko zein bertako ekoizleekiko kontzientziazio berria aldarrikatu dituzte. Produktuaren eta bere jatorri-kalitatearen eta ekoizleenganako inplikazio zuzenagoa izatea funtsezko irizpide bezala hartu behar dute administrazioek, Gasteizek merkataritza sare bizia behar duelako. Baina gurea bezalako herrialde batean, bidezko merkataritza tradizionala egon ahal izatea funtsezkoa da.
Beste hiri batzuetako adibideetan oinarrituta, Gasteizko Aralarrek bidezko merkataritza guneak zabaltzea proposatu du, eta bidezko merkataritza hori herrialdeko ekoizleei eta produktuei zabaltzea.
Elikaduren soberania eta kontsumitzaileak gure lurraldearekin identifikatzea irizpide nagusiak izan behar dira administrazioarentzat, udalaren merkataritza politika gidatu eta diseinatzerako orduan. Hala, espazio atsegin eta egonkorrak prestatu behar dituzte Gasteizko kontsumitzaileentzat, kalitatea, hurbiltasuna eta abeltzain eta nekazarienganako errespetua ardatz nagusi bezala hartuta.

