Indarrak uztartzen, zubiak eraikitzen
(dokumentu honek frantsesezko bertsioa ere badu, euskarazkoaz eta gaztalaniazkoaz gain, hemen duzu RTF formatuan)
Sinatzaileak: Abertzaleen Batasuna, Aralar, Batzarre, Eusko Alkartasuna, Zutik.
MANIFESTUA
Aintzin solasa
Lizarra Garaziko deklarazioaren inguruan bat egin genuen manifestu honen izenpetzaileek erantzunkizun osoz jokatu behar dugula uste dugu. Garai haietan, akatsak akats, bide berri asko ireki ziren. Gure jendearteari hitza emaiteko, Euskal Herrian demokrazia sakontzeko, autodeterminazioaren aldeko dinamikak indartzeko baita gure nazioaren eraikitzeko momentuan ere, bide horiek funtsezkoak izan ziren. Horregatik, Espainiako eta Frantziako gobernuen eta sostengatzen dituzten alderdien egoskortasun eta itsukeria, batzuen huts egiteak eta ausardiarik eza eta beste batzuek armak berriz hartzea huts politiko larria izan ziren.
Gaur hiritargoaren ilusioa berpiztu eta gure herria bizitzen ari den momentu latz hau gainditzeko, beste eszenatoki batera joan behar dugu. Horregatik, gure herrian pairatzen ari garen egoeraren aurrean :
- Euskal Herriak duen autodeterminazio eskubidea defendatzen dugu ; autodeterminazioaren eskubidea nola gauzatu Euskal Herriko lurralde bakoitzeko populazioak definitu eta adostuko du.
- Euskal Herriari autodeterminatzeko eskubidea ukatzen dioten estatu espainiar eta frantsesari, eskubide demokratiko hori errespeta dezaten eskatzen diegu. Demokrazia gehiago behar dugu eta horretarako bi estatuek egindako mespretxu eta errepresioaren hautuak, hainbat euskal talde eta alderdi legez kanpo utziz besteak beste, osoki arbuiatzen ditugu, kontrako norabidea hartzen dutelakoan. Eskatzen diegu orain arteko bide ukatzaile eta errepresiboari uko eginez, behingoz elkarrizketaren bidearen aldeko hautua egin dezaten.
- Euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatuz, orobat eskatzen diogu ETAri su-etena deklara dezala, distentsio garaia berri batez guztion arteko elkarrizketa jorratzeko baldintzak lor ditzagun, eta halaber, alderdi abertzaleok nazio eraikuntzan urrats azkarrak emateko ditugun proiektuak ados ditzagun.
- Gure nazioa egituratu eta eraikitzeko lan horrek justizia sozialean oinarriturik egon behar du eta bertan eragile sozial guztiek parte hartu behar dute.
- Euskal Herria Europako partaide izan behar dela diogu, Herrien Europako partaide, Europa solidario baten partaide Hirugarren Munduari irekia.
"Indarrak uztartzen, zubiak eraikitzen" agiria
Euskal Herrian arazo politiko desberdinak badaude ere, oroz gainetik DEMOKRAZIA eskasia badago. Horretarako demokrazia oraino gehiago murrizten edota herritarren borondate eta esperantzak ukatzen dituzten jokaerek ez diote deus onik ekarriko Euskal Herriari.
Demokrazia gehiago behar dugu Euskal Herrian, erran nahi baita, Herri honetako jende guztiarekin batera gure geroa libreki erabakitzeko ESKUBIDEA, AUKERA eta PROZESUA.
Manifestu hau izenpetzen dugun indar politikook BAKEGINTZA eta normalizazio politikorako proposamenak lantzeko engaiamendua hartzen dugu, bakoitzak bere ikuspuntu eta oinarri ideologikoetatik ekarpenak eginez.
Manifestu hau izenpetzen dugun indar politikook indarkeriarik gabeko BURUJABETZA PROZESUA sustatu eta abiatzeko engaiamendua hartzen dugu. Gaurko kuadro juridiko-politikoa gaindituko duen burujabetza prozesu honek gure lurraldeen kontzientzia maila, nortasun nazionalaren aniztasuna, erritmo eta dinamika politikoak errespetatuko ditu.
Aurrera egiteko, prozesu honek ETAren aldetik mugarik gabe eta berehalako su-etena ezinbestekoa du bai eta indar abertzale eta demokratiko guztien aurrekorik gabeko elkarlana ere. Oraindanik eskatzen ditugun bi baldintza horiek lortu artean, manifestu honekin ados diren guztiak biltzen hasi nahi dugu, prozesuaren oinarriak jartzen hasteko. Elkarlan hori indar bakoitzaren nortasuna eta elkargune anitz baten arauak errespetatuz eramanen dugu. Elkarlan hori populazio guziari zuzendu beharko zaio, izan dadin abertzale ala ez, euskal nortasunari atxikia izan dadin ala ez.
Elkarlan honen helburuak hauek izanen dira :
- Euskal gizarteari bere geroari buruzko ikusmoldea adierazteko aukera eman.
- Ikusmolde hori eta honen ondorio guziak, espainiar eta frantziar estatuek errespeta ditzaten lortu.













