Euskal preso politikoendako Aralarren gutuna
- Euskal preso politikoen arazoa herri osoari dagokio eta gizarte osoari atxikirik dago. Izan ere, presoak Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin duen gatazkaren ikurra izateaz gain, gatazka horren kaltetuak eta bahipekoak baitira.
- Aitortu behar da bai ETA edo IPARRETARRAK taldeetako presoak, nola politikagintzako ezadostasunarengatik edo gatazkaren beste adierazpen batengatik espetxeratuak preso politikoak direla. Zera alegia, idea politiko batzuen aldeko ekintza edo erantzukizunagatik daude espetxeratuak, zuzen ala okerreko jokabidea izanik ere. Horregatik, beren ekintzen ondorioetatik at, kontzientziako presoak dira.
- Euskal preso politikoen arazoa gainditzeak eredutzat amnistia du eta gatazka gainditzearen beraren zati da eta ondorioz gainditze horren oinarri izanen den negoziaketa politikoaren osagarrietako bat izanen da. Amnistiari gabe, gatazka gainditzerik ez dago. Baina eztaere amnistiaren itxaropenik prozesu politikotik at. Etika politikoaren aginduz presoei egia osoaren azalpena bere gordinean zor zaie, gizarteko beste edozein talderi bezalaxe.
- Presoak ez daitezke baztertuak gertatu negoziaketaren prozesuan eta bertan partaide izateko eskubidea daukate. Kaltetuak diren heinean, bereziki arlo horretan aintzat hartuak izateko zilegitasuna daukate. Zehaztu behar da ordea, politikaren arloan presoei dagokien ordezkaritzak beste herritar guztien mailakoa izan behar duela, presoak berak ere herritarrak diren heinean. ARALARREK ez du onartzen inolako abangoardiarik eta eztaere herritar batzuk edo bestek duten edo dauden egoeraren ondoriozko ordezkapen sariturik.
- Gure herri honek behar duen bakegintzak, ARALARREN ustez, sakontze demokratikoaren edukia beharko du eta berau lehen urratsean itun politiko eta sozial batean oinarrituko da, bere garapenean Europako agintaritzak bermatzaile papera jokatu beharko duelarik. Izan ere, euskal gatazka nazio-arteko eta izaera europarrekoa baita. ETA edo IPARRETARRAK erakundeek onartu egin behar dute eragile politiko eta sozialen erabakien lehentasuna. Sakontze demokratikoa den helmuga horretan ez da abantaila edo lorpen politikorik bilatu behar, baizik eta autodeterminazioaren bitartezko independentziaren aldarrikapenaren zilegitasuna; helmuga hori geure saiakera politikoaren abiapuntu eta akuilatzaile bilakatu ahal izanen delarik.
- Gatazkaren gainditzeak biktima guztien oroitzapen eta kalteekiko begirunea eta kitapena ekarri behar du eta horretan barne preso politikoei dagokienez. Horrela adierazten baitu gainera, bakegintzako prozesu guztien gaizpentsuak eta historiak.
- Presoekiko edo beren sendi eta inguruarekiko elkartasunak beharrezkoa du baita ere jarrera eta jokabidea euskal preso politikoen sakabanatzearen aurka eta berehalako Euskal Herriratzearen alde. ARALARREK aitortzen du presoen herriratzea egiazko giza eskubidea dela eta presoei beren premia pertsonaletan elkartasuna eta laguntza eman behar zaiela. ARALAR gainera, tortura ezabatzeko ahaleginetan murgildurik dago eta uste du tortura posible egiten duten legedi eta auzitegi bereziak ezabatu egin behar direla.
Aralar. Iruñean 2.001eko Abenduan.














