Bidali   Inprimitu

Normalkuntza politikorako eta bakegintzarako Aralarren proposamena

ARALARrek erabaki du gizartearen aurrean aurkezten duen bere lehen ekimena Euskal Herriaren normalkuntza politikoaren aldekoa izatea, eta, horretarako, demokrazian sakontzea eta gatazka benetako konponbidean jartzea helburu duen proposamen gauzagarri hau plazaratzen du.

Altsasun, 2001eko azaroaren 24an.

ARALAR

Proposamen hau irekia dago beste ekarpen guztietara, eztabaida bultzatzeko asmoz egina baita. Konponbideari oztopoak jarriz gatazka betikotu nahi dutenen jarrera politikoak estu hartzea ere bada ekimenaren helburuetariko bat.

Honako testu hau Proposamenaren laburpen bat besterik ez da: Osorik nahi baduzu irakurri hementxe duzu dokumentu osoa RTF formatuan.

LEHEN FASEA

Ekimenaren zergatien azalpena

Normalkuntza politikoa eta bakegintza ezin bereiziak dira izatez. Horregatik, prozesu berbera osatzen dute. Helburu hauetako baten aurka egiten dutenek bestearen aurka ere egiten dute, eta, ondorioz, baita edozein konponbideren aurka ere.

Herriak bakea nahi du. Benetako bakea, behin betiko konponbideetan eta ez aterabide traumatikoetan oinarritua. Bide demokratikotik lortutako bakea, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez.

Ukaezina da Euskal Herria Europari atxikirik dagoela arlo ekonomikoan eta sozialean, baina Europan izan beharreko presentzia politikoa normalkuntza demokratikoari lotuta dago. ARALARrek, ezker abertzaleko indar gisa, bere erantzukizun historikoa bereganatzen du, eta indar guztiarekin saiatu nahi du normalkuntza politikoaren eta bakearen alde

ARALARrek indar politiko eta sozialen arteko hitzarmena proposatzen du, inorentzako onura edo galera politikorik ekarriko ez duena.

Gure ustez, oinarrizko abiapuntu demokratikoa da herriaren soberania onartzea, eta antzinako, gaurko nahiz biharko egituraketa juridikoen aurretik jartzea.

Bestalde, gaur egungo erakundeek gorputz ematen diote gizarte modernoak bazterrean utzi ezin duen eskubide eta zerbitzu sare bati. Nolanahi ere, sare hau aldatzeko edo ordezkatzeko aukerak zilegitasuna izan behar du.

Betidanik jazarpen gogorra sufritu izan duen independentismoa onartu eta prezeski zilegitu behar da. Independentismoak ez du normalkuntza prozesuan independentzia lortzeko xederik izan behar, baina bere helburuen alde jarduteko zilegitasun demokratikoa eskuratu behar du, eta joko politikoaren bitartez lortu ahal izatekoa ere bai.

Normalkuntza demokratikorako eta bakegintzarako proposamenaren ezaugarriak

Hitzarmenak taktikoa izan behar du, eta bidea ireki behar dio Òantagonista politikoenÓ arteko akordioari.

Lizarra-Garazi ezin ahaztu daitekeen aurrekari hurbila da. Hala ere, hitzarmen desberdina proposatzen dugu, nahiz eta kontraesanean ez egon. ARALARren proposamenak Lizarra-Garaziko partehartzaile kopurua gainditzea bilatzen du.

Gainera, proposatzen den hitzarmena izaera desberdinekoa da: Lizarra-Garazikoak ezaugarri estrategikoak zituen bitartean, hau taktikoa da, eduki demokratiko minimo batzuk onartzen dituzten indar politiko guztiek bere egiteko modukoa.

Bai gobernu espainiarra eta frantsesa, eta bai ETA eta Iparretarrak erakundeak politikoki konprometitzea da normalkuntza hitzarmenaren helburua.

Parte hartzaileak Euskal Herrian dauden indar politiko eta sozialak izan behar dute soilik. Gobernuek eta erakunde armatuek ez dute hitzarmenaren partaide izan behar, baina lotuta geratu behar dute prozesuari eta han erabakitzen denari, eurekin kidetasun politiko-ideologikoa duten indarren bitartez.

Pentsatzen dugu Europako Batasunak prozesuaren bermatzailea izan behar duela, gatazka guztiz europarra delako eta Elkarte horren esku laga dutelako haren partaide diren estatuek beren soberaniaren zati bat; kalitate eta kopuru aldetik aski zaio zati hori bermatzaile lana bere gain hartu ahal izan dezan.

Indar politiko eta sozialen artean egindako HITZARMEN POLITIKOA da. Hitzarmen honek, joko-arauak zehazteaz gain, zilegitasun demokratikoa ekarriko die hala gaur egungo marko juridiko-politiko-instituzionala sendotzeko xedeari, nola hura gainditzeko edo osorik nahiz zati baten aldatzeko asmoari.

Normalkuntza demokratikorako oinarri politikoak: Bakea, Justizia, Askatasuna

  • Euskal Herriaren ezagutza. Euskal Herriaren izaera propioa, eta bere kultura, hizkuntza eta nortasuna gordetzeko eskubidea onartu behar du Europak.
  • Autodeterminazioaren oinarri politikoa. Autodeterminazio eskubidea nazioartean onartua dagoen giza eskubidea da; oinarrizko eskubide demokratikoa, nahitaez asumitu eta barneratu beharrekoa normalkuntza eta baketze prozesu batean.
  • Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko esparrua. Guk pentsatzen eta aldarrikatzen dugu Euskal Herriko populu osoa dela autodeterminazioaren sujetua, Dena dela, Euskal Herria herrialdeetan banatutako herria denez, ez inposizio politikoagatik soilik, baita historiaren eraginagatik ere, diogu lurralde horien esparru politiko-administratiboetan gauza litekeela eskubide hori.
  • Identitate nazionala pertsonaren eskubide gisa. Euskal Herrian identitate nazionala sentitzeko dauden era ezberdinen elkarbizitza bermatu behar du prozesuak.
  • Euro-eskualde baten sorkuntza. Hitzarmenak Nafarroa, Euskal Erkidego Autonomoa eta Iparraldearen arteko harreman politikoak ezartzea bermatu behar du, Europan ordezkaritza izango duen eskualdea osatzeko helburuaz.
  • Hizkuntzaren eta kulturaren normalkuntza. Normalkuntzarako eta bakegintzarako hitzarmenak euskararen eta euskal kulturaren garapena eta normalizazioa ziurtatu behar ditu.

BIGARREN FASEA

Prozesuaren kokalekua eta garapena

Indar politiko eta sozialek soilik sinatutako hitzarmena, jakinarazi ondoren, negoziatu egin behar da Euskal Herrian egoitza duten instituzio politikoekin, Europako Parlamentuarekin, eta ETA eta Iparretarrak erakundeekin.

Instituzioekin hartzen den konpromisoak ziurtatu behar du herriaren borondatea onartzea, polizia eta lege baldintzak lasaitzeko neurriak hartzea, biktimen kalteak konponbidean jartzea, lege aldaketak bideratzea eta hitzarmena garatzeko bermeak ezartzea.

ETA eta Iparretarrekin hartzen den konpromisoak ziurtatu behar du herriaren borondatea errespetatzea eta onartzea, su-eten sakona eta bermatzaileek egiaztatzeko modukoa ezartzea, eta borroka armatua betiko uzteko konpromisoa hartzea.

Europako Instituzioekin hartzen den konpromisoak ziurtatu behar du gatazkaren izaera politikoa onartzea, bermatzaile lanetan parte hartzea, herriaren borondatea errespetatzea, hitzarmenari leku egiteko europar araudia aldatzea Ñhala komeni badaÑ, eta konponbidearen zama ekonomikoa bereganatzea.

Akordioa gizarteratzeko ekimenak abian jarri behar dira.

HIRUGARREN FASEA

Herri-galdeketa. Herriaren erabakia bete behar da; Euskal Herria koordinatuko eta Europan ordezkaritza izango duen erakundea sortuko da..

EPILOGOA

Bigarren eta hirugarren faseen lerro nagusiak seinalatu ditugu bakarrik, ezinezkoa baita eduki guztiak aurreikustea. Uste dugu fase hauetako zenbait ekimen ezingo dela publikoa izan; aitzitik, lehen faseak nahitaez publikoa izan behar duela uste dug