Aralarren ez arauko proposamena adierazpen askatasunaren eta Gara egunkariaren alde
Joxe Etxeberria Aralarko batzarkideak ondorengo ez arauko proposamena egiten du mahaiaren aurrean, osoko bilkuran aztertua izan dadin eskatuz:
AURREKARIAK Jakinik Espainiako Segurtasun Sozialeko Tesoreriak edo Altxortegiak GARA egunkaria argitaratzen duen enpresari egindako diru aldarrikapena, hurrengo ZEHAZTASUN hauek azpimarratu eta baieztatzen ditugu:
1- Adierazpen askatasuna lehen mailako eskubidea dela demokrazia orotan eta Segurtasun Sozialaren ekimen hau zuzenki eskubide hori urratzeko bidea dela, hedabide baten aurkako jokaera den neurrian.
2- Segurtasun Sozialaren aldarrikapenak ez dauka behar bezalako oinarri juridikorik, besteak beste Instrukzio edo Azterketa arloko Epaile baten Autoan oinarritzen delako, hain zuzen ere Epaitegi Nazionaleko Instrukzioko Epailea den D. Baltasar Garzon jaunaren Auto batean. Eta enpresen jarraia badela ala ez dela erabakitzea Sozialeko Epaitegiei baitagokie zehazki.
3- Delako jokabide horren oinarri juridikiorik ezak Segurtasun Sozialaren Altxortegia kontraesan zuzen batera eraman du, hain zuzen ere, aktiboak bahipean dituen enpresa baten pasiboak beste enpresa baten bizkar utzi nahi izatera.
4- Demokrazia batean onartezina den gertakizun hau episodio bat gehiago da Euskal Herriak bizi duen gatazka eta indarkeria egoeran. Egoera honen egiazko aterapide bakarra ordea, elkarrizketan eta justizian oinaritua besterik ez da eta egoera baketsu eta justo horren eskuratzea poltikari guztion zeregina da.
Horregatik guztiagatik,
Gipuzkoako Batzar Nagusiei ARALAR alderdiko Batzarkideak hurrengo erabaki proposamena aurkezten dio:
ERABAKI PROPOSAMENA GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK bere ezadostasun osoa adierazten du Segurtasun Sozialaren Altxortegiak GARA egunkariaren enpresari EGIN egunkariaren zor zama bizkarreratu nahi izateagatik. Aitortzen du jokabide horrek adierazpen eskubidea urratzen duela eta horregatik aldarrikatu egiten du bertan behera utzia izan dadila Segurtasun Sozialaren Altxortegiaren ekimen hori.
Donostian 2.003ko Uztailaren 11ean.
Sin.: Joxe Etxeberria














