Bidali   Inprimitu

Konponbide-mahaia bermatzeko konpromisoak

1- Indarkeriarik eza: Akordioak bilatzeko lanak hasieratik indarkeria guztiak alde batera uzteko konpromisoa izan behar du, alde guztien aldetik. (Honek berarekin lekarke ETAren su-etena eta Estatuaren aldetik distentsio keinuak egitea: tortura ahalbidetzen duen legea aldatzea, presoak hurbiltzea...). Eta, amaieran, emaitza dena delakoa izanik, onartzeko konpromisoa. Hasieratik garbi izan behar dute guztiek, inork ez duela inposaketa edota indarkeriara joko hartutako akordioa aldatzen saiatzeko.

2- Aldebakartasunik ez: Adostasunak hartzeko bideak aldebakartasuna baztertzea dakar, eta beraz, inork ez izatea beto eskubiderik. Erabakiak adostasunez hartzen ahalegindu behar dugu, baina adostasunik ezean gehiengoz funtzionatu beharko da. Hala ere, nortasun eta tradizio politiko guztien errespetua bermatze aldera, aurrez adostu beharko lirateke zeintzuk diren akordioak baliozkotzat emateko beharrezko gehiengoak.

3- Mugarik ez: akordioak ezin du aldez aurretiko mugarik izan; alegia, ez gaur egungo marko juridiko-politikoa, ez beste ezer ezin da mugatzat jarri. Prozesuaren emaitza irekia dago eta edozein izan daitekeela onartu behar da.

4- Herritarren berrespena: Prozesu honen emaitza herriak berrestu beharko duela onartzea. Herri kontsulta nola eta noiz gauzatu ere aurretik adostu egin beharko litzateke.

5- Adostutakoa onartzeko konpromisoa: Bukatzeko, behin prozesua amaitu ondoren, erabaki honek eragiten dieten erakunde guztiei helaraziko zaie emaitza. Haiek emaitza onartu eta berau gauzatzeko beharrezko aldaketak egiteko konpromisoa hartu beharko lukete. Konpromiso honetatik abiatuz, bitariko negoziazio prozesu bat eman beharko litzateke, hemen erabakitakoa nola gauzatzen den adosteko, baina inolaz ere ez, adostutakoa aldatzen saiatzeko.