Bidali   Inprimitu

Konponbide mahairako adostu beharreko printzipio edo bermeak

Bake prozesuak aurrera egin dezan, behar-beharrezkoa da, ARALAR-en ustez, eztabaida antzuak alde batera utzi eta aurrerapausoak ematen hastea. Horretarako hurrengo urratsa, konponbiderako alde anitzeko mahai hori martxan jarri aurretik, mahai hori gidatuko duten printzipioak eta bermeak adosteak izan behar du. Horrez gain, epeak zehazten hasi beharko genuke: elkarrizketa-mahaiari lan zehatza eta epe zehatza ipini behar zaio. Zalantzarik gabe, diskrezioz egin beharko du lan, baina euskal gizarteak eskubidea du prozesu honen jomuga eta amaiera-muga ezagutzeko. Ezin dugu atzera-aurrerako egoera hau etengabe luzatu.

Prozesua martxan jartzeko pausoak eman ditzakete Zapaterok eta Ibarretxek, eta gizarte honi ibilbide bat eskaini. Gauza bera egin beharko luke Nafarroako gobernuak, nahiz eta jakin badakigun ez duela horretarako asmorik.

Ipar Irlandan Tony Blair-ek egin zuen bezala, hemen ere Zapaterok konpromisoa hartu beharko luke agenda bat ezartzeko, negoziazioei epe bat emateko, eta negoziazio horietan euskal ordezkarien artean adosten dena onartzeko. Prozesuak hasi beharra du, hura hasi nahi duten partaideekin, inori beto eskubiderik onartu gabe.

Ibarretxeri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan eratu beharreko mahaia gidatuko duten printzipioen inguruko adostasuna bilatzeko iniziatiba hartu beharko luke.

Eta lan horretan ez dugu zerotik hasi beharko. Batetik, badugu beste herrialde batzuetako esperientzia: hor ditugu Irlandako prozesuan parte hartu zuten alderdi politiko guztiek hasi aurretik onartutako Mitchell printzipioak.

Baina horrez gain, gure herrian ere alor horretan lan handia dago eginda. Gai honi buruz hainbat eta hainbat azterketa teoriko egin dira, baita alderdien artean adostasunak lortu ere. Hor dago, adibidez, bere garaian Nafarroako eta EAEko alderdi gehienek adostutakoa Elkarriren bigarren bake-konferentzian.

Aralarren ikuspegitik konponbidea bilatzeko mahaian eseri aurretik, mahaiak bere lana inolako injerentziarik gabe burutu ahal izateko, hauek izango lirateke parte hartzaileek onartu beharreko gutxieneko konpromisoak eta bermeak:

  1. Akordioak bilatzeko lanak hasieratik indarkeria guztiak alde batera uzteko konpromisoa izan behar du, alde guztien aldetik. (Honek berarekin lekarke ETAren su-etena eta Estatuaren aldetik distentsio keinuak egitea: tortura ahalbidetzen duen legea aldatzea, presoak hurbiltzea...). Eta, amaieran, emaitza dena delakoa izanik, onartzeko konpromisoa. Hasieratik garbi izan behar dute guztiek, inork ez duela inposaketa edota indarkeriara joko hartutako akordioa aldatzen saiatzeko.
  2. Adostasunak hartzeko bideak aldebakarrekotasuna baztertzea dakar, eta beraz, inork ez izatea beto eskubiderik. Erabakiak kontsentsuz hartzen ahalegindu behar dugu, baina kontsentsurik ezean gehiengoz funtzionatu beharko da. Hala ere, nortasun eta tradizio politiko guztien errespetua bermatze aldera, aurrez adostu beharko lirateke zeintzuk diren akordioak baliozkotzat emateko beharrezko gehiengoak.
  3. Gerta litekeen akordioak ezin du aldez aurretiko mugarik izan; alegia, ez gaur egungo marko juridiko-politikoa ez beste ezer ezin da mugatzat jarri. Prozesuaren emaitza irekia dago eta edozein izan daitekeela onartu behar da.
  4. Prozesu honen emaitza herriak berrestu beharko duela onartzea. Herri kontsulta nola eta noiz gauzatu ere aurretik adostu egin beharko litzateke.
  5. Bukatzeko, behin prozesua amaitu ondoren, erabaki honek eragiten dieten erakunde guztiei helaraziko zaie emaitza. Haiek emaitza onartu eta berau gauzatzeko beharrezko aldaketak egiteko konpromisoa hartu beharko lukete. Konpromiso honetatik abiatuz, bitariko negoziazio prozesu bat eman beharko litzateke, hemen erabakitakoa nola gauzatzen den adosteko, baina inolaz ere ez, adostutakoa aldatzen saiatzeko.

Hau izango litzateke egin beharreko lehenengo lana. Behin printzipioetan ados jarri ondoren, gero eztabaidarako metodologia zehaztu beharko litzateke. Hauxe da gure proposamena. Gauza bera proposatuko dugu Nafarroan, nahiz eta jakin egoera oso bestelakoa dela eta UPNk eztabaida mahai baten aurkako jarrera argia duela.