Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2008-09-20 / 11:09

Aralarrek gizartearen aldeko gastua inbertsio gisa hartzea eta politika fiskalen errotiko norabide aldaketa eskatu du

Halaxe adierazi du Aralarreko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok, Aralarrek Miramar jauregian egindako jardunaldietan. ‘Ezkerreko abertzaleak krisiaren aurrean’ leloarekin egin ditu Aralarrek ekonomiari buruzko jardunaldiak, eta bertan Mikel Zurbano, EHUko ekonomia irakasleak, eta Juan Carlos Longas, NUPeko ekonomia departamenduko zuzendariak, ekonomiaren egungo egoeraren analisia eta horri aurre egiteko balizko aukerak aztertu dituzte, beste 150 kideren laguntzarekin.

Aintzane-Jardunaldiak2.jpg

Jardunaldiak aurkezteko hitzaldian Ezenarrok esan duenez, politika ekonomikoan eman beharreko aldaketa batzuk proposatzea izan da jardunaldien helburua, orain arte erakundeetatik emandako erantzunetatik haratago. Hala, gizartearen aldeko gastua inbertsio gisa hartzea eta hori lehenestea proposatu du Aralarreko legebiltzarkideak, hau da, “krisiaren aurrean zerbitzu publikoek azpiegiturek egun duten zentralitatea hartzea eskatzen dugu. Era berean, beharrezkoa da zerbitzu sozialen eskaintza kontrol publikoaren pean mantentzea: kalitatea bermatzeko eta izaera merkantilista saihesteko”.

Horrekin batera, politika fiskalen “errotiko aldaketa” ezinbestekoa dela esan du. “Gaur egun oraindik 7 puntu atzetik bagaude ere, Europar Batasunaren presio fiskalaren parera iristea beharrezkoa da aurrean ditugun erronkei erantzun ahal izateko”. Horren harira, krisi garaian aurrekontu defizitarioak onartu beharrean izango garela azaldu du, “zerbitzu publikoen horniketa eta babes soziala bermatzeko”. Politika ekonomikoari dagokionez, “esku-hartze publikoa eta selektiboa beharrezkoak dira produkzioan. Eta berrikuntzaren arloan berrikuntza soziala lehenestea ezinbestekoa deritzogu”.

Ezenarrok salatu duenez, “gure erakundeak ez dira ari behar diren neurriak hartzen, “bereziki gizartearen sektorerik ahulenei begira. Krisi egoeretan, inoiz baino gehiago, botere publikoek bizitza duinerako gutxieneko bermeak eskaini behar dituzte, halabeharrez, eta horrek gure politika ekonomikoan, fiskalitatean, eta politika sozialean aldaketa sakonak egitea eskatzen du”. Horren adibide bezala jarri zuen, EAEko kasuan, 2012ra bitartean aurreikusiak zeuden inbertsioak aurreratzea, hiru diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak adostu duten bezala. “Eta horrekin zer konpontzen dugu? Eta zer konpontzen du Nafarroako gobernuak gastu arrunta murriztuko duela esanez?”.

Bi izan dira landutako ponentziak. Mikel Zurbanok EAEri buruz egindako analisia aztertzeko ((PDF-256k), batetik, eta Juan Carlos Longesek Nafarroako egoera ekonomikoari buruz landutakoa (PDF-208k).

Mikel Zurbanok EAEko ekonomia egoera lantzeko erabilitako dokumentazioa (ppt-500k)