Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira
Aralar / 2008-06-19 / 11:15
Ezkerretik independentziara kanpaina aurkeztu du Aralarrek
“Ezkerretik independentziara” lelopean kanpaina abiatuko du Aralarrek, orain hasi eta uda osoan zehar. Kanpainarekin, militantzia eta oinarri sozialetara iritsi nahi du Aralarrek, mezu ezkertiar eta soberanista helarazteko. Gaur goizean aurkeztu dute kanpaina Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak eta Ainhoa Beola Donostiako zinegotziak.
Galdeketa egiteko erabakia hartuko da datorren astean Eusko Legebiltzarrean. Galdeketaren aldeko jarrera argia agertu izan du beti Aralarrek, eta herritarrek etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatu izan dugu. Abrilek azaldu duenez, “Aralarrentzat lehenbiziko urratsa da hori. Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidetik autodeterminazio eskubidea praktikara eramateko beharra aldarrikatu nahi dugu, eta egoera horretan, independentziarena da gure hautua”.
Abrilek gaineratu duenez, “aurrerapausoa da galdeketa egitea Aralarrentzat. Eta jakin badakigu, horrek, berez ez duela berehala ekarriko autodeterminazio eskubidea gauzatzea, baina bide hori jorratu beharrekoa dela gogorarazi nahi dugu. Independentziarako bidean ezinbestekoa da etengabeko lana, eta tartean kontzientziazio lana egitea. Gizartea prestatu beharra dago bide horretan”.
Baina Euskal Herriak gatazka politikoa gainditzeko eztabaida ez ezik, eztabaida soziala ere behar duela nabarmendu du Aralarreko koordinatzaileordeak. “Bestelako gizarte eredu baten alde egiten du Aralarrek, eta horren harira, ezkerreko balioak azpimarratzeko premia ikusi dugu. Horretarako, baina, ezker abertzale berri bat eraiki beharra dago, instituzioetan eragiteko egungo gaitasuna baino handiagoa izango duena”.
Kanpainako irudia
Kanpainarako irudi berritzailea eta modernoa erabili du Aralarrek. Banatzen ari diren bi zelula agertzen dira, Euskal Herria Espainiatik eta Frantziatik banatzen ari denaren metafora gisara. Izan ere, organismo bizi guztien joera baita besteetatik bereiztea. Irudi honekin erakutsi nahi dugu Euskal Herria inoiz baino biziago dagoela, eta bere nahiak eta helburuak lortzeko ilusioz eta gogoz dagoela; hau da, independentzia eta gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa.
Aspaldian bizi dugun egoera ekonomikoa eta soziala hizpide izan ditu: “Egunotan ikusi dugu Europa neoliberal honek hartu duen bidea, lan prekarizazioa sakonduko duen 65 orduko lan asteari bidea emanez, edo etorkinak kanporatzeko araudia malgutuko duena. Etengabekoak dira osasun eta gizarte zerbitzu publikoek jasaten duten txartzea, eta gainean daukagun krisi ekonomikoak areagotu egingo du gizarte zerbitzuen eskasia, horrek herritarrengan daukan eraginarekin. Horri guztiari aurre egiteko, beharrezkoa da instituzioetan ezkerreko politika ausart, berri eta eragina izango duena txertatzea. Ingurumen politika berri baten beharra, hezkuntza, kultura edo hizkuntza politika berrien aldarria egunero egiten dugu instituzioetan, baina mezu hori gizartera zabaldu beharra sumatzen dugu”.
Hala bada, uda osoan zehar, herrialde guztietako eskualde guztietara helduko gara. Eta eskualde bakoitzeko errealitatera egokituko dugu mezua eta lan moldea, ezberdina baita errealitatea, eta baita Aralarren presentzia batetik bestera. Presentzia gutxien dugun tokietan gure afiliazioa handitu eta taldeak eratzeko lanean murgilduko gara, eta lanean dihardugun horietan, gure kezkak eta aldarriak plazaratuko ditugu, eta bertan egiten dihardugun lana zabalduko dugu. “Militantziarekin eta afiliazioarekin zuzeneko harremana bideratuko da, eta eztabaida eta gogoetarako guneak sortuko dira kanpainan zehar”, azaldu du Abrilek.
Baina barrura begirako lanaz gain, kanpora begirako lana ere izanen du kanpainak, eta Aralarren proiektua gizarteratzeko ahalegina egingo da. Kale agerraldiak, hitzaldiak, prentsaurrekoak, eztabaida foroak bultzatuko dira. Denetara, 40 bat ekitaldi antolatu ditugu beste hainbeste herritan.
Hegoaldeko Batzarra
Bestalde, datorren larunbatean Hegoaldeko Batzarra egingo du Aralarrek Donostiako EHUren Barriola eraikinean, goizeko 10:00etatik aurrera. Ainhoa Beolak azaldu duenez, “Hegoaldeko Batzarra militantziaren eta zuzendaritzaren arteko eztabaidarako foroa da. Bertan, datorren ekainaren 27an Gasteizko Legebiltzarrean galdeketaz egingo den osoko bilkurarako Aralarren diskurtsoaz gogoeta egingo da, eta baita orain arte biktimen gainean egindako lanaren berri emango da, aurrera begira eman beharreko urratsak zehaztearekin batera”.
Gaineratu duenez, “aldaketa handiak izan dira euskal politikagintzan azken hilabeteetan. ETAren ekintzen ugaritzea, galdeketaren gaineko erabakia hartzeko osoko bilkura, azken hauteskundeetan abertzaleek lortutako emaitzak, edo Nafarroa Bairen egituraketa izan dugu hizpide. Horien guztien gainean gogoeta egin, eta hurrengo hilabeteetarako estrategiak eta ildoak markatuko ditugu batzarrean”.
Kontuan hartuz 2009ko udaberrian hauteskundeak izango ditugula, diskurtsoa zehazteko batzarra izango da larunbatekoa, Aralarrek dituen erronkak eta helburuak finkatzearekin batera.


RSS Feed-a











