Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira
Aralar - Gipuzkoa / 2008-05-09 / 15:48
Aralarrek Gipuzkoako autopisten bidesari sistemaren erabateko aldaketa planteatu du Foru Arau baten bitartez
Aralarrek Gipuzkoako autopisten bidesari sistemaren erabateko aldaketa planteatu du. Poposamenak aurrera egingo balu, egungo bidesarien sistema irauliko lukeen eredua jarriko litzateke abian. Eredu hori Suitza edo Austria bezalako herrialdeetan indarrean dago jadanik eta bide horien erabiltzaileek tarifa lau bati egin beharko liokete aurre. Adibide bat jartzearren, duela urte bi Austrian urteko kuota 72,6 euroan zegoen eta bi hilabetekoa 21,8an. Suitzan, aldiz, gaur egun 25 euroan dago urteko tarifa. Aldaketa horrek prezioen beherakada aipagarriaz gain, kudeaketa sinplifikatzea ekarriko luke.
2002ko urriaren 10ean onartu zen Bide Azpiegiturak erabiltzeko kanona eta “Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia, S.A.” foru sozietate publikoaren zerga arloko zuzenbide arauen alderdi batzuk arautzen dituen urriaren 3ko 7/2002 Foru Araua. Foru Arau hartan gaur egun ezagutzen dugun peaje sistemaren oinarriak ezarrita gelditu ziren eta, horietako batzuk dira orain aldatu nahi ditugunak.
Helburu zehatz batekin egiten dugu 7/2002 Foru Araua aldatzeko proposamena: Herritarrek Bidegik kudeatzen dituen bi autobide horien hobetze eta mantenuan parte hartzen jarraitzea, baina modu arrazional batez eta mugikortasun beharrak zigortuak izan gabe.
Hau Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan sartu zenetik esku artean darabilen aldarrikapena da eta historia apur bat eginez, proposamen horren markoaren nondik norakoak azalduko ditugu laburbilduta:
-2004ko urtarrilaren 24an, Aralarrek Gipuzkoako errepideen tarifikazioa aztertzeko ponentzia sortzea proposatu zuen.
-2004ko martxoaren 2an, azkenean, Foru Gobernuarekin Gipuzkoako errepideetako kanonak eta erregulazioa zuzentzeko azterlan bat egitea adostu genuen.
-Bi urte eta erdiko atzerapenez, 2006ko irailean, Aralarrek azterlana ezkutatzen ari zirela salatu eta gero, Foru Gobernuak azterlana Batzar Nagusiei igorri zien, bertan aztertzeko eta eztabaidatzeko.
-2007ko udaberrian hauteskundeak gertu ziren eta Foru Aldundiaren aldetik ez zegoen interesik eztabaidari heltzeko. Ondorioz, eztabaida hurrengo legealdirako zintzilik geratu zen.
Gipuzkoako Errepide Planak, teorian, 2010erako amaiera epea du finkatuta, atzerapenak atzerapen. Amaiera horrek sistema bere osotasunean birplanteatzeko aukera paregabea eskaintzen du, eta gainera erabiltzaileek gaur egun duten parte hartzea autopistaren ordainketan sortzen diren disfuntzioak gainditu daitezke: esaterako A-8 eta AP-1aren inguruan bizi diren herritarrak Gipuzkoako Bide Azkarren erabilpenerako kanon izugarri garestia ordaintzera behartuta egon dira urte hauetan, autobia izaera duen N-1aren edota A-15aren inguruan bizi direnak ez bezala.
Halaber, arestian aipatutako bi autobide horietan kanona ordaindu behar izateak bultzatu du trafikoa N-1etik gehiago bideratzea, horrek autobia horretan eta modu berezian kotxe ilarak zein istripuen maila areagotu dituelarik.
Agerikoa da, Bide Azpiegituren kudeaketa konplexua dela, eta zer esanik ez gure bezalako lurralde baten, non orografiak azpiegitura horien eraikuntza eta mantenua zaildu egiten duen. Baina pentsatzen dugu badela garaia errepide azkarren ordainketa sistema aldatzeko, erabiltzaileak gehiegi zigortzeari uzteko, baina aldi berean bide azpiegituren finantzaketan parte har dezaten.
Horregatik, Batzar Nagusietan erregistratu dugu 4 artikulu eta xedapen bat dituen Foru Arau Proposamena, 7/2002 Foru Araua aldaraziko duena.
Lehenengo artikuluan ezarrita geldituko da kanona ezartzeko orduan bi ibilgailu bereziko ditugula: ibilgailu arinak eta ibilgailu astunak.Muga 3,5 tonatan jarri dugu, Europako beste herrialde batzuk erreferentzia gisa harturik. Ibilgailu arinentzat kanonak Biñeta Soziala izaera hartuko du.
Bigarren artikuluan zehazten dugu ibilgailu mota bakoitzari aplikatu beharreko kanonaren zenbatekoaren kalkulua zertan oinarrituko den:
“Diputatu Kontseiluari dagokio, Bide Azpiegituretako foru diputatuak eskatuta, eta Bidegi Agentzia Foru Sozietate Publikoak txostena egin ondoren, kanonaren zenbatekoa finkatzea, aldatzea eta eguneratzea. Ibilgailu arinentzako biñeta sozialak dagokion epearen araberako zenbatekoa izango du eta urtean behin zehaztuko da, beti ere izaera sozialari eutsiz. 3,5 tona gainditzen duten ibilgailuak ibilgailu astuntzat jo dira eta dagokien kanonaren zenbateko hori urtean behin zehaztuko da distantziaren arabera, zerbitzuaren izaeraren eta iraupenaren arabera, azpiegituraren narriaduraren arabera, merkatuko egoeraren arabera eta, hala badagokio, merkaturatze kostuaren arabera. Hala ere, Bidegik ibilgailu astunentzako deskontu politika ezartzea erabaki ahal izango du, bereziki Gipuzkoako egoiliarrentzat.”
Hirugarrenean, zehaztuta utzi dugu ibilgailu mota bakoitzak zein momentutan ordaindu beharko duen kanona, berrikuntza ibilgailu arinen kasura mugatu delarik.
Laugarrenean, ezabatua utzi dugu kanonaren kobraketaren kudeaketa hirugarren bati agintzeko aukera, ibilgailu arinen biñeta sistemarekin asko erraztu eta sinplifikatuko baita sistema.
Eta bukatzeko xedapen bakarrakin osatzen dugu Foru Araua non adierazten dugun 2010ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituela ondorioak. Zeren oso kontzienteak gara, era horretako iraultza errepideetan ezin dela egun batetik bestera eman, trantsizio epe bat behar duela, baldin eta gauzak ongi eta eraginkortasunez egin nahi baditugu inongo nahasmendurik sortu gabe.
Tinkotasun osoz baina, aldi berean, erantzukizun handiz jokatu nahi izan dugu. Horrexegatik, egoki ikusi dugu epe hori jartzea, kontuan izanda urte eta erdiko epea izango genukeela poliki-poliki aldaketak egiten, ezartzen joateko.
Aralarren garbi daukagu autopistetan gaur egun daukagun ordainketa sistema horren aldaketarekin errepideen tarifikazio juxtuago, sozialago, sinpleago baten bidean lehenengo urrats garrantzitsu eta iraultzailea dela, Gipuzkoarren artean gaur egun dagoen diskriminazioarekin egunen batean bukatu ahal izateko, gestio zuzenaren alde bidea irekitzeko. Bidea ez da erraza izango, baina bidea ibiltzen egiten delako, guk proposamen honen bidez lehenengo pausuak emango ditugu azken helburua lortzeko.


RSS Feed-a










