Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar-Legebiltzarra / 2008-05-09 / 13:49

Aralarren ekimenez lur bankuak sortuko ditu Jaurlaritzak

Aralarrek egindako eskariari jarraituz, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du lur bankuak sortzea desplazatutako esplotazioak hartzeko. Era horretan, azpiegitura handien ondorioz lehen sektorean ari diren lurjabeak desjabetzen dituztenetan ere, ustiaketa horrekin jarraitzeko aukera izango dute baserritarrek, Jaurlaritzak sortuko dituen lur bankuei esker.

"Gure ekimenaren helburua, batetik, lurra babestea da eta, bestetik, lurra galdetzen duten nekazari eta abeltzainei laguntzea", adierazi du Aralarren legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok. "Helburu nagusi horrekin egin dugu ekimena. Eta bide horretan, oso garrantzitsutzat jotzen dugu Nekazal eta basogintzako PTSa lehenbailehen Legebiltzarrean izatea eta ahalik eta eperik laburrenean egitea gainera". Izan ere, Ezenarrok salatu duenez, "asko atzeratzen ari dela iruditzen zaigu eta lurraren babeserako oso oso garrantzitsua dela deritzogu".

Horregatik, eta lehen ere beste talde batzuek eskatu badute ere, gobernua gaur arte ez da PTS hori 2008ko urte honetan zehar Legebiltzarrera ekartzera konprometitu. Ildo horretan "konpromiso bat hartu izana aurrerapausoa iruditzen zaigu", adierazi du Aralarrek legebiltzarkideak.

Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamenaren eta batetik sozialistek egindako zuzenketa batekin eta bestetik hirukoak egindako beste zuzenketa batekin, aurrera atera da. Era horretan, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du:

  1. - EAEko nekazaritza eta basoak antolkatzeko lurraldearen arloko plana 2008 urtean zehar Legebiltzarrera ekar dezala Jaurlaritzak.
  2. - Plan hori tramitatzen den artean, foru aldundiekin batera lurzoru-bankuen programari bultzada bat eman diezaiola, baztertutako nekazaritza-ustiategiak beste norabait eraman eta agroalde bihurtu ahal izateko.
  3. - PTS hori tramitatu arte, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen eragiteko eskumena duten agintaritzek nekazaritzako Administrazio jarraibideak eska diezazkiotela, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioak, banakakoak zein baterakoak, aztertzerakoan kontuan izateko modukok. Jarraibide horiek nekazaritzako Administrazioak sortuko ditu; horretarako kontuan izango ditu lurzoruak agronomiaren aldetik daukan garrantzia, ustiategi bakoitzarekin daukan lotura, gurenarekin daukan lotura orokorra (etorkizunerako nekazaritza unitateen iraunkortzat jota), bota daitezkeen kutsagarriren ondorio diren kalteak eta, oro har, nekazaritza eta basoak antolatzeko lurraldearen arloko planean nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak sailkatzeko erabilienetako elementuetatik sortutako beste edozein jarraibide.

Informazio gehiago