Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira
Aralar / 2008-05-09 / 12:10
Ainhoa Beolak Oporrak Bakean programa aurkeztu du
Beste urte batez, Donostiak ongietorria emango die Oporrak Bakean pasatzeko aukera izango duten haur sahararrei. Haur hauek, honela, Aljeriako desertuan kokaturiko Tinduf-eko errefuxiatu-eremuetatik urrun egongo dira oporraldian.
Ainhoa Beola Donostiako Berdintasun, Hizkuntza Normalkuntza eta Lankidetza zinegotziak esan duenez, “aurten, aurreko urteetako helburuak gainditzeko asmotan, Frente Polisariorekin aukera berri bat aztertzen ari gara eta zera da: haurren taldean, 7 eta 11 urte bitarteko adimen urritasuna duten 4 ume programaren barruan sartzea, hainbeste merezi duten oporraldia gurekin pasa ahal izateko. Interesaturik dauden familiak, ohiko begiraleen laguntzaz gain, hezitzaile berezi baten babesa izango dute”. Beolarekin batera izan dira gaurko agerraldian Fatma Mohamed Salem Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkaria eta Jose Angel Zuazua Oporrak Bakean programako abegi-familiako kidea.
Beolak azaldu duenez, jarduera honen helburua, batetik, Aljeriako desertuko errefuxiatu-kanpamentuetan jaiotako haur hauek guztiek jasan behar izaten dituzten bizi-baldintza gogorrak arintzea da. Haur hauek dituzten gabeziarik garrantzitsuenen artean oinarrizkoenak aurki daitezke, hots, elikadurari, osasunari eta hezkuntzari lotuak. Baldintza gogor hauen eragile dira, era berean, tenperaturaren kontraste handia, ura eskuratzeko zailtasunak, behin-behinekotasunaren gain eraikitako eta guztiz finkatzen ez den bizitza, baliabide propio eskasak, eta biziraupena nazioarteko solidaritatearen eta laguntza humanitarioaren esku egotea.
Aldi berean, senidetasunezko loturak estutu nahi dira kultura, sinesmen, ohitura, jatorri eta pentsatzeko modu guztiz ezberdinak dituzten hiritarren artean… eta honela egiazkoagoa eta eraginkorragoa bilakatu nahi da Donostiaren eta Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoan kokaturiko Bojador-en arteko senidetzea.
Gure helburuen artean daude haien osasun-egoera hobetzea, desertuak eskaintzen ez dituen gauzak ezagutaraztea, itsasoa gozatzea, gurea bezalako hiri baten funtzionamendua ezagutaraztea, egunerokotasuna bizitzea donostiar haurrekin eta abar.
Horregatik, familiak zein Estatu mailako erakunde asko, Udalak batez ere, ahalegin guztia egiten ari gara ahalik eta haur gehien ekartzeko.
Euskadik, bereziki, 470 haur hartuko ditu. Haur horietatik 150 inguru Gipuzkoan egongo dira, eta horietatik 40 hartuko ditu Donostiak. Haur-talde hau aurreko urteetan gure hiria bisitatzeko eta familia donostiarretan oporraldia pasatzeko aukera izan duten beste haur-talde batzuei gehitzekoa da.
Donostian, proiektu hau ez da ekimen jakin eta bakandu bat. Gure hiriak eta Bojador saharar udalerriak eginiko Senidetze-akordioaren esparruan sartzen da, eta 1986. urtetik bi udalerriok gauzatzen ari garen proiektu askotariko bat da. Akordio honen emaitza gisa ondoko ekintzak aipa genitzake:
- Elikagaiak eta era askotariko materiala biltzeko kanpainak, kanpamentuetan gertaturiko uholdeek eraginiko larrialdi-egoeretan.
- Charter-hegaldiak antolatzea.
- Erakunde senidetuen edota solidarioen nazioarteko hitzaldiak, eta informazio-blokeoari buruzkoak.
- Nazio Batuen Bake Plana zuzen aplikatzeko babesa eta baliabideak.
- Gaixoentzako arreta eta abar.
- eta 12 urte bitarteko haurrek, gutxi gorabehera, ekintza honetan inolako interesik gabe laguntzen duten familia donostiarretan emango dituzte bi hilabete, eta horretarako kontratatutako monitore-taldearen arreta eta aholkularitza izango dute une oro.
Edozein familiak har dezake parte programa honetan aurretiazko inolako baldintzarik gabe; familiak hautatu ondoan elkarrekin ezarritako funtzionamendu-arauak onartu beharko dituzte soilik.
Harrera-hilabeteak bi izango direla kontuan hartuz, familiak Estatuko edozein tokitara atera ahal izango dira oporretara, betiere aldez aurretik jakinarazita, Udalaren baimenarekin, adin txikikoak ongi egokitu badira eta kontrako arrazoi medikorik ez badute.
Familiak adin txikikoaren egonaldi osoaren ardura hartuko du familiako beste kide bat bailitzan. Dena den, monitore-talde baten laguntza izango du beti. Monitore hauek aholkularitza eta laguntza eskaintzeko eta borondatezko jarduera ludiko-dibertimenduzko batzuk antolatzeko zeregina beteko dute.
Kanpamentuetako bizi-baldintza gogorrak kontuan hartuz, komenigarria da jardueran parte hartzen duten guztiei osasun-azterketa bat egitea. Belarriko infekzioak, parasitoak edo anemia-arazoak nahikoa ohikoak izaten dira. Programaren zati hau udal osasun-zerbitzuen, pediatren, erizainen zein Osakidetzaren parte-hartzeari esker gauzatu ahal izan da, eta funtsezkoa da adin txikiko hauen bizi-kalitatea hobetzeko.
Laguntza-langileak; Aisialdi Hezkuntzako Zuzendari bat eta 2/3 Monitore izango dira, familiei laguntza emateko egokitzapenaren lehen aldian; borondatezko topaketak antolatzeko parkeetan edo hiriko beste zenbait gunetan; haur bakoitzaren segimendua egiteko; behar bezalako osasun-arretaren ardura hartzeko; jarduera osoaren segimendua egiteko eta egoki iritziz gero jarduera paraleloak antolatzeko.
Monitore bakoitzak familia-talde baten ardura izango du, eta etengabeko harremana mantenduko du haiekin.
Informazio hau Donostiako ikastetxeetan banatuko da, eta honela izango dute harrera-programaren berri interesatutako familiek. Izen-emateko buletina Lankidetza bulegoan jaso beharko da, Goikoa Jauregian, 943. 48 14 71 (Marta).
Jardueraren guztizko aurrekontua 45.870,48 eurokoa da, Zuzendariaren eta 2 Monitoreen kontratazioa kontuan hartu gabe. Hona hemen aurrekontuan sartzen diren gastuak: txartelak eta bisak, antolatu beharreko jarduerak, haur bakoitzarentzako garbitzeko eta eskolarako material gutxienekoa, material ortopedikoa, sendagaiak, betaurrekoak.


RSS Feed-a










