Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2008-05-08 / 17:46

Saharako ordezkariekin bildu da Ainhoa Beola

Ainhoa Beola Donostiako Berdintasun, Hizkuntz Normalkuntza eta Lankidetza zinegotzia Mendebaldeko Saharako ordezkariekin bildu zen atzo.

beola.gif

Beolarekin izan ziren Saharak Euskadin eta Espainiako Estatuan dituen ordezkariak eta lankidetza ministroa. Bileran hainbat gai aztertu zituzten: giza laguntza jaisten ari dela eta, karabanen antolaketa; komunikabideetan Saharako herriaren auziko presentzia areagotzeko, Donostiako Udalak jardunaldiak antolatzea; urtea amaitu aurretik Beola berak Saharara egingo duen bidaia prestatzea… Bestalde, Donostiako Ezker Batua-Aralar udal taldeak Adierazpen Instituzionala prestatu du, Bozeramaileen Batzordeak azter dezan.

Hauxe da Donostiako Ezker Batua-Aralar udal taldeak prestatutako Adierazpen Instituzionala:

Saharako herria 1975. urtetik ari da tragedia bat pairatzen. Urte horretan, garai hartako Espainiako Gobernuak Marokoko eta Mauritaniako Gobernuen esku utzi zituen Mendebaldeko Saharako lurrak, Madrilgo Hiru Aldeko Akordioak sinatutakoan, eta hori legea bete gabe egin zuen. Era horretara, ez zen deskolonizazio prozesua amaitu, eta Saharako herriak Autodeterminazio erreferendum baten bitartez bere etorkizuna erabakitzea zapuztu zuen.

Nazio Batuen Erakundeak hainbat ebazpen plazaratu ditu Saharako herriari eskubide hori onartuz; era berean, bidezko eta bakean oinarritutako konponbidea eskatu du, horren barruan sartuz Saharako herriak bere eskubidea gauzatzea, eta era horretara, osatu gabeko deskolonizazio prozesuarekin amaitzea.

Hori dela eta, Ezker Batua-Aralar udal taldeak, Udalbatzarreko Araudi Organikoaren 104. puntuari lotuaz, honako Adierazpen Instituzionala aurkezten du, Bozeramaileen Batzordean aztertua izan dadin.

Prozesu honetan Espainiako Estatuak daukan erantzukizun politikoa, historikoa eta morala kontuan izanda, honako puntu hauekin gure konpromisoa berresten dugu:

  • Saharako herriak bizi duen auziarekin eta Erreferendum aske eta demokratiko baten bitartez Autodeterminazio eskubidea gauzatzearekin bat egitea. Autodeterminazio Erreferendum hori berme guztiekin eta Nazio Batuen babesarekin egitea, NBEak berak bere ebazpenetan aitortzen duen moduan —1.495 (2003. urtekoa), 1.754 (2007ko apirilekoa) eta 1.783 (2007ko urrikoa)—.
  • Gatazka modu baketsuan konpontzeko bide bakarra “Mendebaldeko Saharako Herria modu askean determinatzeko Bake Plana” dela onartzea eta hori babestea.
  • Mendebaldeko Saharan okupatuta dauden eremuetan gertatzen ari denari buruzko kezka azaltzea, Giza Eskubide guztien errespetua eta saharar preso politiko guztiak berehala askatzea exijitzea, Giza Eskubideak babestearen aldeko nazioarteko erakundeek egin dutenaren gisara. Era berean, atzerriko begiraleak eta komunikabideak lurraldera modu askean sartu ahal izatea ezinbestekotzat jotzen da.
  • Tindufeko errefuxiatuen eremuetan bizi baldintza tamalgarrietan daudenen egoera arintzeko, Saharako herriari giza laguntza eta lankidetza handitzea. Era horretara, haien elikadura, osasun, hezkuntza eta etxebizitza premiak beteko dira.
  • Aurreko puntuak lortzeko lanean diharduten erakundeei babesa adieraztea eta haiek antolatutako ekimenetan parte-hartzea, modu horretara koordinazio handiagoa egotea sustatuz. Era berezi batean hartu behar dira kontuan giza laguntza eskaintzen duten erakundeak eta haiek antolatutako ekimenak.

Mendebaldeko Saharako Arabiar Errepublikaren —eta bere legezko ordezkariaren, Fronte Polisarioaren— 32. urteurrenean, eurenganako gure elkartasuna adierazten dugu, eta jada 32 urte irauten duen eta milaka herritar errugaberi hainbesteko sufrimendua eta mina eragin duen tragedia ahalik eta azkarren bukatzea desio dugu.

Era berean, Adierazpen Instituzional hau honako hauei bidaltzea adosten da: Espainiako Erregeari, Kongresuko eta Senatuko presidenteei, Espainiako Gobernuko presidenteari, Erkidego Autonomoetako presidenteei eta haien Parlamentuei, herrialdeetako Diputazioei, Espainiako Udalen Elkarteari, Nazio Batuetako idazkari nagusiari eta Saharako Herriak Espainian daukan ordezkariari.