Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar-Legebiltzarra / 2008-05-08 / 16:30

Industria hizkuntza sustatzeko ikerketa zentroa sortzea eskatu du Aralarrek

Aralarrek hala eskatuta, Jaurlaritzak aintzat hartuko du euskal gizartearen eleaniztasuna eta aukera hori baliatuko du hizkuntzaren industria sendo bat izateko eta industria hori mundu-mailako erreferente bihurtzeko.

Horretarako, eta Kanadan jada badagoen esperientziari jarraituz, industria hizkuntza aztertzeko eta sustatzeko ikerketa zentroa sortuko du.

Eusko Jaurlaritzaren 2010eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planari ebazpen proposamena aurkeztu dio Aralarrek gaur Legebiltzarrean. Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak azaldu duenez, "Planaren testuan zehar hizkuntzaren industria aipatzen bada ere, bigarren mailako elementu bezala aipatzen da. Hizkuntzaren industriak jardun-eremu zabala duen arren eta helburu nagusia eleaniztasuna kudeatzea izan arren".

Iņaki Irazabalbeitia aralarkidearen iritziz, "Mundu zabalari begira hizkuntzaren industriaren aterkipean jardun hauek biltzen dira: itzulpengintza (giza itzulpengintza, lokalizazioa, interpretazioa, bikoizketa eta lexikografia eta terminologia), teknologia linguistikoa (itzulpen automatikoa eta itzulpengintza laguntzeko tresnak, testu elenanitzen tratamendua, ahotsaren tratamendua, informazio testualaren tratamendua, semantika eta erredaktatzeko laguntza-tresnak) eta hizkuntza-trebakuntza. Euskal gizatea eleanitza izaki, gure herriaren esparruan euskara, gaztelania eta frantsesa biltzen baitira, EAEk aukera hori baliatu behar du, munduko beste herri batzuek egiten diharduten moduan, Kanadak esaterako, hizkuntzaren industria sendo bat izateko eta industria hori mundu-mailako erreferente bihurtzeko".

Horretarako, honako helburu hauek planteatzen ditu programa honek:

  • Hizkuntzaren industriaren sektorean berrikuntzaren kultura txertatzea eta ehun industriala sendotzea.
  • Hizkuntzaren industriaren esparruaren garapenean euskara eta beraren normalizazioa ardatzetako bat izatea.
  • Teknologia lingusitikoaren esparrua sendotzea, bereziki euskararentzako tresnei eta zerbitzuei dagokielarik.
  • Hizkuntzaren industriaren esparruan I+G+b-rako erreferentziazko azpiegitura bat antolatzea.
  • Hizkuntzaren industrien alorrean EAE mundu-mailako erreferentzia bihurtzea

Aralarrek aurekztu duen eta Legebiltzarreko batzordeak onartu duen ebazpen proposamenak honela dio:

"Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio susta dezala hizkuntzalaritzaren alorreko bikaintasun-ikerketarako zentro bat sortzea, zeinaren xedea eremu honetako diziplina anitzeko ikerketa bultzatzea eta sektore ekonomiko berrien garapena erraztea izango baita".