Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2008-03-26 / 13:03

Aintzane Ezenarro: "Euskaldunen arteko akordioa beharrezkoa da, baina hori onartuko den bermea behar dugu"

ETBri eskainitako elkarrizketa batean Aintzane Ezenarrok adierazi duenez, “beharrezkoa da Espainiako Gobernuak konpromisoa hartzea euskal gizartearen gehiengoak adosten duena onartzeko EAEko estatutu berriarekin jazotakoa, adibidez, berriro ez gertatzeko —Legebiltzarrean gehiengoarekin onartua izan zen arren Kongresuan eztabaidatua ere ez zelako izan—; edo Kataluniako estatutuarekin jazo zena —Kataluniako parlamentuko indarren %90aren babesa jaso zuen, eta gero Espainiako gobernuak erabat murriztu zuen—“.

Aintzane.gif

Era horretara, Rodolfo Ares alderdi sozialistako bozeramaileari erantzun dio, zeinak atzo agertu zuen lehenengo euskal alderdien arteko akordioa lortu beharko litzatekeela. Aralarren ordezkariak esan duenez, “garrantzitsua da euskaldunen artean akordio bat lotzea, baina horretarako, hori baino lehen Espainiako Gobernuak adostutakoa onartuko duenaren bermea behar dugu euskaldunok”. Horregatik Ezenarrok uste du “alderdi sozialista iruzur egiten” ari dela. “Alderdi sozialista proposatzen ari den eskema, lehenengo eta behin, aurretik ere abian jarrita dago eta oraindik ez du emaitza onik eman, eta bestalde, gainontzeko alderdiok, kasu honetan abertzaleok, ez dugu ukatzen guztion arteko akordio bat lortu behar dugunik, baina horretarako Madrilek akordio hori errespetatuko duenaren bermea behar dugu”.

Ezenarrok gogoratu du aurretik ere egon dela hainbat saio euskal alderdien arteko akordioa lortzeko, eta sozialistei eskatu die euskal gizartea engainatzen ez ahalegintzeko. Hari horretara, gogora ekarri du egon zela Legebiltzarrean autogobernu batzorde bat, eta bertan euskal alderdien arteko akordioa lotzeko ahalegina egin zela, eta hortik sortu zela Legebiltzarrak onartutako estatutu politiko berria. “Eta sozialistak beraiek izan ziren akordio horrekin bat egin nahi izan ez zutenak”. Era berean, akordioa lortzeko azken saioa gogoratu du, Loiolako negoziazioak deritzana, zeintzuetan ez zen lortu akordio batera heltzea. Ezenarrok dei egin die “orain akordioaz hitz egiten duten horiei, beraiek izan direlako azken urteetan akordiorik nahi izan ez dutenak”.