Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2008-03-17 / 15:47

Ainhoa Beolak gurasoak euskarazko ereduak hautatzearen garrantziaz ohartarazi du

Ainhoa Beola Donostiako Udaleko Berdintasun eta Hizkuntza Normalkuntzarako zinegotziak datorren ikasturtean lehendabiziko aldiz euren haurrak eskola batean matrikulatuko dituzten gurasoak euskarazko ereduak hautatzearen garrantziaz ohartarazi ditu.

Horretarako, aurten lehen aldiz beren haurrak matrikulatuko dituzten 1.800 gurasoen artean sentsibilizazio eta infirmazio gutuna banatuko ditu Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Horrekin batera, ‘Punpalaplan’ izeneko CD-DVDak doan banatuko ditu. Urtxintxa eskolak egindako CD-DVD horrek 30 jolas eta abesti eta jolasen azalpenak eta abestien letrak dituen liburuxka bat biltzen du. “Urtxintxa eskolak prestatu duen material hau eraginkorra da oso haurren hizkuntza jarreretan eta jokabideetan eragiteko”, esan du Beolak.

Donostian D eredua izaten ari den hazkunde etengabea nabarmendu du Beolak. Izan ere, gero eta guraso gehiagok hartzen dute haur hezkuntzaren hasieran (2-3 urte) D ereduaren aldeko erabakia. Aurreko ikasturtean, 2007-2008 ikasturtean, ia %70a D ereduan matrikulatu zen. 3 urteko haurrentzat Donostian eskaintza egiten duten 18 ikastetxe publiko eta 28 ikastetxe pribatu daude, eta horietan D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da. Hori agerian geratzen da azken 10 urteetako datuei begiratuz gero. Hala, 1997-1998 ikasturtean, %43ak egin zuen D ereduaren alde; iaz, %69,73 izan ziren.