Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira
Aralar-Legebiltzarra / 2007-12-28 / 14:23
UEMA, ikastolak eta ETAk eragindakoak ez diren biktimei laguntzak bertan behera geratu dira EHAKren babes faltagatik
Hirukoarekin lortutako akordioan jaso baziren ere, babes faltagatik bertan behera geratu dira Aralarrek 2008ko aurrekontuei proposatutako hainbat zuzenketa. Horren aurrean zera argitu nahi du Aralarrek:
Aralarrek ez du bozketan parte hartu, parlamentaria ezin izan delako plenoan egon. Hirukoarekin hitzarturikoa zen Aralar abstenitu egingo zela, aurrekontuen alde egiterik ikusten ez genuelako, besteak beste, AHTren diru-partida dela-eta. Hala ere, Aralarren parlamentaria gaurko plenoan izan arren, aipatu ditugun zuzenketek ez zuten aurrera egingo, EHAKren babes barik.
Aurrekontuen inguruan izandako bozketaren emaitzari esker, euskal preso politikoen senideek dirulaguntza izango dute 2008ko aurrekontuetan. Pozten gara: sakabanaketarekin amaitu artean, beharrezkoa den partida baita. PSEk eta PPk zuzenketa egin zuen, senideei diru hori kentzeko, eta hirukoak eta EHAKk elkarrekin bozkatu dute diru-partida hori aurrekontuetan ager dadin. Logikoa den legez. Hitzarmenik ez zegoen arren, guztiek elkarrekin egin dute justiziazkoa eta herri honen onerako den diru-partida bat mantentzeko. Eta pozten gara senideen presoei bideratuko zaien dirulaguntza kentzeko PPren eta PSEren zuzenketak bertan behera geratu direlako. Aldiz, ez da gauza bera gertatu Uemarekin. Hau da, Udalerri euskaldunen mankomunitateak ez du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik dirurik jasoko. Ez jeltzaleek gura ez dutelako. Hitzarmena zegoen kontrakoa gerta zedin, Uemak 100.000 euro lor zitzan, baina ezinezkoa izan da, EHAKk babestu ez duelako Aralarrek hirukoarekin lorturiko hitzarmen hori. Ikastolek diru gutxiago lortuko dute, Aralarrek hirukoarekin hitzarturiko lau zuzenketa babestu ez dituelako EHAKk. Euskarazko hedabideek ere diru gehiago izan zezaketen 2008an, baina beste lau zuzenketa bertan behera geratu dira, arrazoi berberarengatik, euskalgintzako hiru edo Iparraldean euskara sustatzeko bi geratu diren legez. Diru barik geratu da, halaber, ETAk eragindakoak ez diren biktimek onarpena eta kalte-ordaina jasotzeko egin beharreko ikerketa ere, eta diru gutxiagorekin gizatalde behartsuenen lan-baldintzak sustatzeko ekimenak. Eta beste zenbait ere bai. Pozten gara, dena dela, euskal preso politikoen senideengatik, sentitzen dugu ikastola, Uema eta enparauengatik.


RSS Feed-a











