Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2007-12-26 / 12:32

Aralarrek Batasunako mahaikideen eta 18/98ko auzipetuen atxilotzearen ardura egotzi izana salatu du

Aralarren zuzendaritzak, Donostiako egoitzan egindako prentsaurrekoan, salatu egin du azken egunotan Batasunako mahaikideen eta 18/98ko auzipetuen atxilotzearen ardura egotzi izana Aralarri. "Funtsik gabeko salaketak egin dira gure kontra, eta Batasunako zenbait bozeramaleren erabilera gai honetan baztertu eta salatu nahi dugu. Egotzi zaizkigun salaketak oso larriak dira, baina horiek ez gaituzte gure lekutik mugiaraziko" adierazi dute Patxi Zabaletak eta Jon Abrilek, Aralarren koordinatzaile nagusi eta koordinatzaileorde, hurrenez hurren.

donostia-07-12-26.gif

PRENTSAURREKOAREN TESTU OSOA

Gaurko prentsaurrekoa Natividad Junco gogora ekarriz hasi nahi dugu, dispertsioaren ondorioz auto-istripua izan eta hil egin den Unai Gonzalez presoaren amaginarreba. Gertaera lazgarria, guztiz, espetxe politikaren ondorio zuzena. Ez da ahantzi behar, dispertsioa presoentzat zigor bikoitza dela, baina euren senitartekoentzat ere guztiz ondorio kaltegarriak dituena, Natividad Juncoren heriotza bezalakoa. Doala hemendik gure elkartasuna eta atsekabea familia eta lagunarte guztiari.

Ez da ahantzi behar dispertsioa legeak berak dioenaren kontrakoa dela, presoek etxetik hurbilen dagoen kartzelan egon behar dutela dio legeak. Preso politikoek bakeari egin diezaioketen edonolako ekarpen oztopatzen du dispertsioak.

Horregatik, Euskal Preso politikoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen dugu, gaixotasunak dituztenen berehalako askatasuna, eta Parot izendatutako dotrina, mendeku judiziala, bertan behera uztea.

Era berean, deitoratu egiten dugu gabon gauean Balmasedan ETAk egindako atentatua, eta ETAri borroka armatua behin betirako utz dezala eskatzen diogu, bestelako kontraprestaziorik eskatu gabe. Entzun dezala euskal gizartearen nahia eta eskaria, bakean bizitzeko duen eskubideari ez diezaiola entzungor egin.

Askatasun zibil eta politikoak behin eta berriz urratzen dira estatu espainiarraren aldetik. 18/98a urraketa horren maila gorenera heldu da, oinarrizko eskubide guztien zapalketa eragin du. Adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkartzeko eskubideak, askatasun ideologikoa edota disidentziarako eskubidea delitutzat hartzea erabat onartezina dela aldarrikatu nahi dugu, eta gainera, Euskal Herriak behar duen konponbiderako ez dela lagungarri. Giza eskubideen urraketa guztien kontra agertzen garelako auzipetuen zigorrak bertan behera utzi eta aska ditzaten esijitzen dugu.

Eta berriz ere torturak. Gorka Lupiañez gazte durangarrak egin duen tortura eta tratu txarren salaketaren aurrean, Aralarrek ezinbestekotzat jo du gertaerak lehenbailehen argitzea. Zuzenbide estatu batek ezin du onartu era horretako gertaerak izatea eta neurriak hartu behar ditu gerta daitezela saihesteko bai eta atxilotu guztien eskubideak bermatzeko. Aralarretik inkomunikazioa eta jardun hori ahalbidetzen duten legeak bertan behera uztea eskatzen dugu beste behin ere. Inkomunikazio erregimena umiliagarria izateaz gain, tortura ahalbidetzen duen eta inpunitate esparruak sortzen dituen erregimena da. Orain baino lehen tortura ahalbidetzen duten legeak aldatzeko ekimenak aurkeztu izan ditu Aralarrek, eta bide horretatik joko dugu aurrerantzean ere. Estatuak tortura errotik desagertzeko neurriak hartzen ez dituen bitartean, Amnistia Internacionalen protokoloak ezartzen ez diren bitartean, Aralarrek bere egin dituenak, torturatutakoen lekukotzak aintzat hartzen ditugu.

Dispertsioa, atentatuak, torturak, 18/98 auziko sententzia, Capbretonen hildako Guardia Zibilak, kale borroka, Batasunako mahaikideen atxiloketak, ANVren ilegalizazio hotsak… egoera politiko korapilatsuaren isla dira. Herri honen eskubideak ez aitortzetik, gatazka politikoa dagoela ez onartzetik datozen ondorioak batetik, eta horren erabilera bortitza egitetik bestetik.

Mina eta samina, alde batean eta bestean. Eta bitartean, PP, PSOE eta Batasuna oinazearen alde batera baino ez dutela begiratzen. Gatazkaren errudunak bilatzen tematuak, eta alde bakarrean bilatu ere. Sufrimendua bi aldeetan dagoela aitortu nahi ez. Eta bestearen sufrimendua bere egiteko gauza ez denak ezin du bere sufrimenduarekiko elkartasunik eskatu, ez du horretarako zilegitasunik. Giza eskubideen defentsa soilik zilegia da, pertsona guztientzat giza eskubide guztiak eskatzen direnean, bizitzarako eskubidetik abiatuta.

Datorren igandean beteko da urtebete ETAk Barajasen atentatu zuenetik. Bi hildako utzi zituen atentatuak, eta milaka euskal herritarren ilusioak airetik bota, suetena hautsi baitzuen atentatu hartan. Suetenaren haustura euskal herritar guztien kontrako neurria izan zen, baina Batasunari, mahaikideei, ANV eta EHAKri, presoei eta politikarako bide guztiei egin die kalte bereziki.

Azken egunotan Batasunako mahaikideen eta 18/98ko auzipetuen atxilotzearen ardura egotzi zaigu. Funtsik gabeko salaketak egin dira gure kontra, eta Batasunako zenbait bozeramaleren erabilera gai honetan baztertu eta salatu nahi dugu. Egotzi zaizkigun salaketak oso larriak dira, baina horiek ez gaituzte gure lekutik mugiaraziko.

Hortaz, gaur gure mezua honakoa da:

ETAri, ez dela ez prezio politikorik, ez baldintzarik, ez lorpen edo aurrerapauso politikorik suetenaren truke. Inoiz baino gehiago nabarmendu behar da indarkeri eta bortizkeriaren edozein erabilerak ez duela inongo justifikaziorik. Ez politikorik, ez moralik, ez etikorik. Euskal Herriarentzat kaltegarria delako. Eta kaltegarria ez balitz ere, Euskal Herria dagoela ETAren aurretik. Konponbide politikoa bide politiko soilen bidez etorriko da.

PPri, biolentzia politikoaren aprobetxamenduaren eta bere ondorioen kontra egingo dugula.

PSOEri, Zapaterori, Patxi Lopezi, koldar izateari utz diezaiotela, eta PPren eta hedabideen aurrean makurtu beharrean ausartak izan daitezela, indartsu izan nahi hori trajedia dela herri honentzat. Eta errespetatu ditzatela oinarrizko eskubide guztiak. Urrundu daitezela PPren estrategia zorotik. Sakondu dezatela demokrazian.