Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar-Legebiltzarra / 2007-11-16 / 12:08

Inkomunikazioaren kontrako neurriak aldatzeko proposamena eramango ditu Legebiltzarrak Espainiako Gorteetara

Prozedura kriminaleko legea aldatzeko Gorte nagusietarako lege ekimena onartu du Legebiltzarreko osoko bilkurak, Aralarrek ekimena aurkeztu eta bi urtera. Hurrengo pausua Espainiako gorteetara proposamena aurkeztera joango diren ordezkariak aukeratzea izango da.

Lege aldaketak eskatzen duena da: 1) grabazio sistema ezartzea atxilotuak egoten diren eremu guztietan eta 2) inkomunikazioa ahalbidetzen duten 520 eta 527 artikuluak bertan behera uztea”.

2005eko irailaren 6an aurkeztu zuen Aralarrek lehenengoz "Atxiloturik, atxikirik eta/edo Poliziaren egoitzetan dauden pertsonen eskubideak" bermatzeko prozedura kriminaleko legea aldatzeko proposamena. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako parlamentuan aurkeztu zuen ekimena. Nafarroan bertan behera geratu zen; Eusko Legebiltzarrean, eta bigarrenez plenora eraman behar izan bada ere, azkenean aldeko 40 botorekin (kontra 29) onartu egin da ekimena Espainiako Gorteetara eramatea.

Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok lehenengo eta behin azpimarratu nahi izan du ekimena Eusko Legebiltzarrak berak eramatea Espainiako Gorteetara oso garrantzitsua dela. "Prozedura kriminaleko lege aldaketa Gorteetara Legebiltzarrak bere osotasunean eramateak duen garrantzia azpimarratu nahi dut. Euskal gizartea gai horrekiko bereziki sentsiblea dela kontuan izanik, euskal gizartea ordezkatzen duen Legebiltzar hau izatea Madrilera eramango duena lege aldaketaren proposamena urrats garrantzitsua dela iruditzen zaigu eta horregatik beragatik proposamena Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako parlamentuan aurkeztu genuen, han atera ez bazen ere".

Argumentu faltsuak

Ezenarrok argitu egin nahi izan du, ekimenaren kontra bozkatu duten PP eta PSE taldeen argumentuen kontra, "egiazkoak ez diren argumentuak erabili izan dituztela talde biek. Berez bermeak gehitzea proposatzen duen ekimen honen kontra egiteko argumenturik ezean erabili dituzte egiazkoak ez diren argumentuak. Bata izan da, alderdi sozialistaren aldetik, ekimen honekin terrorismoaren legitimazio ez zuzena egiten dela". Hori dela eta, Ezenarrok azaldu du "aste honetan bertan Amnesty International erakundeak berak ere atera duen azkeneko txostenean jaso duela egiten diren tortura salaketa gehienak ez direla terrorismoarekin zerikusia dutenak, baizik eta estatu espainiarren inpunitatea dagoela salatzeaz batera, txostenak argitzen du etorkinak direla tratu txarrak salatzen dituzten atxiloturik gehienak".

"Bestetik, esan izan da ekimen honek zentzurik ez zuela aurkeztu zenean eta are gutxiago ETAk su-etena apurtu duela kontuan izanik. Horren aurrean bakarrik esango dut, giza eskubideen aldeko jarrerak ezin direla testuinguru politikoaren arabera mantendu eta argumentu horrek ez duela inolako zentzurik estatu demokratiko baten giza eskubideen alde egin behar delako, bizi dugun testuinguru politikoa dena delakoa eta begiratu gabe besteek zein giza eskubide zapaltzen dituzten", azaldu du Ezenarrok.

Gauzak horrela, Atxiloturik, atxikirik eta/edo Poliziaren egoitzetan dauden pertsonen eskubideak bermatzeko Prozedura kriminaleko lege aldaketa egiteko Espainiako gorteetara eramango du Eusko Legebiltzarrak.