Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2007-09-11 / 11:51

Aralarrek “Kontsultarako akordioa edo Akordiorako Kontsulta” aurkeztu du, EAEko normalizazio politikorako proposamena

Aralarrek “Kontsultarako akordioa edo Akordiorako Kontsulta” proposamena aurkeztu du gaur. Proposamen hori EAEko normalizazio politikoa bideratzeko egin dute Aralarreko ordezkariek; "eta zehazki kontsultaren gaineko eztabaida zehaztasun handiagoko eremu batera eramatearena da. Galdeketaren beharraren eztabaida gainditu behar da, eta galdeketa modurik eraginkorrenean gauza dadin jarraitu beharreko bidea zein den zehaztu". Prentsaurrekoan Aralarren koordinatzaile eta koordinatzaileorde Patxi Zabaleta eta Jon Abril eta Legebiltzarreko Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarro izan dira.

argazkia.jpg

EAEko normalizazio politikorako Aralarren proposamena

Kontsultarako akordioa edo Akordiorako Kontsulta

Dokumentu honetan biltzen den proposamena normalizazio politikoaren, eta zehazki kontsultaren gaineko eztabaida zehaztasun handiagoko eremu batera eramatearena da. Galdeketaren beharraren eztabaida gainditu behar da, eta galdeketa modurik eraginkorrenean gauza dadin jarraitu beharreko bidea zein den zehaztu. Aralarren zuzendaritzak proposamen bat onetsi du, datozen hilabeteetan ariketa demokratiko hau gauza dadin eman beharreko urratsak zein diren zehazte aldera, gainerako alderdi politikoekin ezinbestean adostu beharko dena. Edonola, hau da irailaren 28an Eusko Legebiltzarrean eginen den Politika Orokorreko eztabaidara eramanen dugun planteamendua. Egoera posibleak jarri behar dira, epeak, metodologiak, eta baita herritarrak galdetu ostean eman beharreko urratsak ere. Galdeketa bera ez baita helburua, normalizazio politikoan eta elkarbizitzan lagundu behar duen bitarteko bat baizik.

1.- Gure gizartean sentsibilitate nazional ezberdinak daudela kontuan hartuta, akordio transbertsala lortzera behartuak gaudela da abiapuntua. Aurretik izan diren porroten gainetik, estatutuak eta foru hobekuntzak itxi ez zituzten gatazkak ixten saiatu behar dugu, eta berdintasuna eta elkarbizitza bermatuko dituzten gutxieneko akordioetara heltzen saiatu behar dugu. Orain arteko saiakerek ez dute emaitzarik eman, baina ez gaude ibilbiderik egin ez bagenu bezala (Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Berrirako Proposamena; Loiolako elkarrizketetan PNV, PSE-EE eta Batasuna iritsi ziren aurreakordioa, edo Nafarroan ziklo berria zabaltzeko eta elkarbizitzarako akordioa osatzeko egindako saiakerak).

Dugunetik abiatuta, zeharkako akordioak lortzen saiatu behar dugu Nafarroan eta EAEn. Ez dago beste biderik. Eta gure ustean, akordio horren gutxienekoak oinarrizko bi printzipioren gainean osatu beharko lirateke: (1) erabakitzeko eskubidea eta (2) Estatuarekin erabakia nola gauzatu hitzartzeko obligazioa. Hau da, beraz, azpimarratu beharreko lehen ideia: erabakitzeko eskubidea eta zeharkako akordioak ez dira bateraezinak. Politikaren helburu behar du hoiek bateragarri bihurtzea, horretarako beharrezko bide demokratikoak erabiliz, galdeketa bera barne, noski.

2.- EAEra eta galdeketaren gaineko eztabaidara mugatuz,

  1. Elkarbizitzarako akordio berria lortzen ahalegindu beharko genuke. Lehendakariak ekimena hartu beharko luke, eta elkarbizitzarako akordioa gauzatzen ahalegindu beharko luke. Baina aurretiko esperientzietan ez bezala, oraingo saiakera honek denbora epe bat eduki beharko luke (sei hilabetekoa izan daiteke, edo hasiberria dugun ikasturte politikoa. Tony Blairrek berak 8 hilabeteko epea jarri zien alde guztiei Stormonten akordioa gauza zezaten).
  2. Argi utzi beharko litzateke eztabaida politikorako epe honen amaieran herri galdeketa egongo dela. Akordioa egon edo ez, bortizkeriak jarraitu edo ez. Gizarteari galdetu egin behar zaio, inolako mugarik jarri gabe ariketarik demokratikoenari. Horregatik, garaiz galdeketarako data zehatza aurreikustea beharrezkoa da, akordio eszenatoki batean bagaude zein ez.

    a) Zeharkako akordioa balego hau berresteko (edo ez). Egoera honetan, zeharkako akordio baten berrespenean geundeke. Kontsultarako akordioaren lehen eszenatokian geundeke. Egoerarik desiratuena, baina ez posiblea den bakarra.

    b)Elkarbizitzarako akordiorik ez balego ere, ekimena gizarteari eman beharko litzaioke, eta egoera gainditzeko kontsulta konbokatu. Alegia, alderdi politikoak ez badira gauza akordioetara iristeko, gizarteak berak bultzatu behar du egoera, eta desblokeatzen saiatu. Bigarren eszenatoki posible honetan ez geundeke alderdi politikoek adostutakoa berretsiko lukeen galdeketa baten aurrean, galdeketa zibiko batean baizik, erreferendumaren aurreko galdeketa litzateke, erabakitzeko eskubideak duen babes soziala eta akordioaren beharra neurtuko lukeena. Hortaz, adostasunari gizartearen bultzada emateko galdeketa litzateke. Horregatik esaten dugu galdeketa bera ez dela helburu, akordio posible berri bat bultzatzeko bitartekoa baizik. Gizarteak jarraitu nahi duen bidea zein den agertzeko eskubidea du, elkarbizitza normalizatu batera heltzeko, eta klase politikoari ideia nagusi hori helarazteko. Egoera honetan, bigarren mailakoa da galdeketa bera loteslea den edo ez. Gizartetik helaraziko denaren balio politikoa erabakigarri izan daiteke.

Bistakoa da akordiorik gabeko bigarren egoera honetan egin beharreko galdeketak ere alderdi politikoen arteko oinarrizko akordioa eskatzen duela prozeduraren eta galderaren edukiaren gainean. Zer, noiz eta nola erabakitzeko akordioa. Bigarren egoera honetan galdeketa egitearen kontra zenbait alderdi politikok erakutsitako jarrera estali ezin den errealitatea da, baina muturreraino mantentzeko jarrera oso zaila da. Parlamentuko gehiengoak herri galdeketa zibikoa eta desblokeatzailea egitea erabakiko balu, nola eginen litzaioke uko horri?

Galdeketak inolako aurrebaldintzarik gabe aurrera egin behar du, eta eztabaidak zehaztasunaren mailan sartu behar du bete-betean. Horretarako, batzuek eta besteek galdeketa egin dadin jarritako baldintzak gainditu behar dira. Batetik hirukoak gobernu akordioan ezarritakoak daude:

a) Lehen baldintzak, akordio zabal baten beharrak, galdeketa soilik lehen eszenatokian egitera eramango gintuzke, eta praktikan, oinarrizko akordiorik nahi ez dutenen beto eskubidea litzateke hori (PPrena eta PSOErena, bereziki). Beto eskubidea gauzatu ez dadin ezinbestekoa da argi uztea galdeketa egin eginen dela, egoera edozein dela ere; a egoeran zein b egoeran. Honekin bi helburu lortuko lirateke: inork abantailarik ez edukitzea, batetik; alderdi sozialistak ere borondate zintzoa jarri behar izatea akordio batera heltzeko, bestetik.

b) Hirukoak jarritako bigarren baldintza, bortizkeriarik ezarena, Lehendakariak berak ere baztertzen du gaur egun, bere baitan biltzen duen kontraesana dela eta: bakea eta normalizazioa ezin direla nahasi dioten bitartean, baldintza hau jartzeak talka egiten du bakea eta normalizazioa banatzearekin. Baina, are larriagoa dena, baldintza horrekin ETAri beto eskubidea ematen zaio, ez politikan eragiteko, guztiongan sentsibleagoa den alderdi batean eragiteko baizik: gizartearen erabakia.

Era berean, ez genuke bestelako baldintzarik onartu beharko, berriki Joseba Permachek ezarritakoa kasu, zazpi herrialdeetan galdeketa aldi berean egin beharko litzatekeela dionean. Ezinezko baldintzak ezartzea da galdeketa gauzatzea ekiditeko modurik irmoena. Badirudi batzuei gogorarazi behar zaiela Euskal Herriko erabaki eremu bakoitzak bere erritmoak dituela, eta ezin dituztela gainerakoak trabatu edo geldotu.

Funtsean, baldintzen gaineko eztabaida gainditu behar da, eta zehazten hasi. Hau da politika orokorreko eztabaidara eramango dugun ideia nagusia. Eta horretarako, ez dugu soilik eskatuko Ibarretxek ekimena har dezala, eztabaidarako baliagarria den proposamena daramagu. Gainerakoengandik ere gauza bera espero dugu, bereiziki ideia bultzatu zutenengandik, hirukoarengandik. Lehendakariak denbora gehiegi darama gizarte honi hitzematen gauzatu ez duen zerbait, zehaztu ere egin ez duena, eta bere hitza zalantzan jartzen ari da, eta bide batez, bere sinesgarritasuna. Zikloa ixteko ordua da, eta legebiltzarreko eztabaida konkrezio termino hauetan gauzatzea espero dugu, eta ez dadila, beste urte batez, orokortasunetan eta ideia zehazgabeetan geratu, gizartea gehiago gogaituko dutenak.