Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira
Aralar-Gipuzkoa / 2006-10-19 / 15:40
Aralarrek Aldundiko zaharren egoitza baten EAJko alkate ohi batekin lotura duen "txiringito finantziero" bat aurkitu du
Aralarrek jakin ahal izan du, helbide soziala adineko pertsonen egoitza baten duen enpresa bat ari dela, Aldundiarena den egoitza baten; Gizarte Politiketarako Departamendua dagoen Txara II izeneko eraikinean dago enpresa hori eta “Cía de Servicios y Promoción Prestakuntza” izena dauka. Merkataritza Erregistroaren arabera enpresaren helbide soziala Baratzategi kalea 9 da, hain zuzen ere, mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitza baten helbide bera.
Aipaturiko enpresaren helburu soziala honako hau da hitzez hitz: “Adquisición, tenencia, administración, disfrute y enajenación de valores mobiliarios, créditos, y derechos, acciones y participaciones sociales, bonos y obligaciones, etc…”.
Berriki jaso dugu Esther Larrañaga foru diputatuari egindako galderarren erantzuna eta esan digutenez, “Foru Aldundiak ez duela inolako kontraturik ezta fakturaziorik ere aipaturiko enpresa horrekin”.
Eskandalu hutsa
Aralarrek eskandalutzat jo ditu hainbat gauza:
- - Eskandalua da Foru Aldundiaren eraikin baten helbide soziala duen enpresa bat topatzea, Foru Aldundiarekin kontratua izan ala ez izan. Agian, begibistakoa da esan behar duguna, baina enpresa pribatuek beren helbide sozial pribatua izan behar dute eta ezin dute administrazio publikoaren eraikinetaz jabetu.
- - Eskandalu handiagotzat jotzen dugu Foru Aldundiarekin inolako harremanik ez duela ikustea.
- - Eta are gehiago, salagarriagoa deritzogu enpresa horrek bere helbide soziala zahar egoitzan jarri zuela jakin izana, 2005eko urtarrilean, Iñigo Lasuen Urrejolaren eskutik; EAJtik Otxandion (Bizkaia) alkate izan zena 1995etik 2003ra.
Aralarreko batzarkide Rebeka Uberak eta Ernesto Merinok salatu dutenez, “gure ustez horrelako jarrerak EAJk bultzatutako pribatizazio politikaren ondorio zuzena da. Denbora gehiegi daramate Foru Aldundia kontrolatzen eta badirudi beren kide batzuek uste dutela administrazio publikoaren ondasunak eurenak direla eta edozein operaziotarako nahi bezala erabiltzeko eskubide osoa dutela”. Horren aurrean, “salatu behar dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabegokoa den eta gipuzkoar guztion artean ordaintzen dugun zahar egoitza batan txiringito finantziero bat helbideratua dagoela. Beldur gara ez ote den kasu bakarra izango, Aralarrek argitara atera duen izozmendi baten tontorra baizik. Zentzu horretan, berriro ere argi adierazi nahi dugu gure politikaren beste ildo bat dela ustelkeriarekin tolerantziarik ez izatea eta influentzi trafikoarekin tolerantziarik ez izatea”.
Prentsaurrekoaren amaieran, Aralarreko kideek adierazi dute eta Gizarte Politiketarako Foru Diputatu Esther Larrañagaren premiazko agerraldia eskatuko dutela “enpresa xelebre horrek Txara IIan duen presentziari buruz” azalpenak eman ditzan.


RSS Feed-a








