Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar / 2006-07-22 / 15:58

Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapenarekin bat egin du Aralarrek gaur

ESAITek antolatutako Euskal Selekzioari Bai egunean izan dira Aralarreko hainbat ordezkari, tartean, Gipuzkoako batzarkide Rebeka Ubera eta Gipuzkoako antolakuntza arduradun Oxel Erostarbe, bai eta Getariko zinegotzi Eneko Alegria ere. Andoni Ibarguren aralarkide zarauztarrak anfitrioi lana egin du. Guztiek hartu dute parte ESAITek antolatutako jaian, irekiera ekitaldian parte hartuz.

Esaitweb.jpg

Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak euskal selekzioaren aldeko jarrera erakutsi nahi izan du ESAITen jaian "gure eskubidea baita selekzioa izatea, herri bat garelako eta gure nortasun propioa dugulako. Euskal Selekzioa behar dugu, eskubideaz izateaz gainera, gure herriaren nortasun propioaren adierazgarri eta erakusle delako eta gure kulturaren, izaeraren, hizkuntzaren eta azken baten herriaren irudia izan dezaten mundu zabalean".

Manifestua

Kataluniako Selekzioen aldeko eta Euskal Selekzioen aldeko herri mugimenduek, geure herrietako kirol nazionalen bultzatzaileok, Katalunian eta Euskal Herrian babes zabala duen helburu hau berriro jasota, publiko egiten dugu ondorengo manifestua:

«Gure kirolaren normalizazioa eta burujabetza urte askotan aldarrikatu ondoren, katalan eta euskaldunen helburu zaharra berreskuratzeko momentua iritsi dela uste dugu. Aldarrikapen honek bat egiten du gure herrietako politika, kultura eta historiaren bereizgarriekin. Eta ondorioz, gure herrietako kirolariek maila guztietako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubide osoa lortzeko nahia dakar. Zentzu horretan, kirolari katalan eta euskaldun askok, bai taldeka bai bakarka, euren herriak ordezkatzeko nahi bizia adierazten dute.

Horregatik, berriro ere jaso ditugu oinarrian gure herrietako gizarteen gehiengoaren nahia biltzen duten ondorengo puntuak, demokraziaren ariketa eta herri borondatearen errespetua den aldi berean.

1- Kirol nortasunaren aitorpena Kataluniak eta Euskal Herriak kirol guztietan eta lehiaketa ofizialetan parte har dezaten. Halaber, kirola ia esklusiboki zaintzapean izan duten Estatu espainiarrak eta frantsesak ez dezatela inongo trabarik jarri bide honetan.

2- Behar diren lege aldaketak egin daitezela geureak izango diren kirol federazioen nazioarteko onarpena lortzeko.

3- Kataluniako selekzioa eta Euskal Herriko selekzioa defendatzeko aukera egiten duten kirolariak errespetatzea, inongo diskriminaziorik gabe.

Era berean, azpimarratu nahi dugu, ekimen hauek ez dutela gutxietsi nahi urte askoan zehar gure kirolariak lehiatu behar izan diren testuinguruak. Aitzitik, euskal edo katalan banderarekin frantses edo espainolarekin baino identifikatuagoak sentitzen diren kirolarientzat orain arte itxita egon den atea zabaltzeko gogoak batzen gaitu.

Helburu hauekin, dei egiten diegu dagokien agintariei ez dezaten gorrarena egin euskal eta katalan gizarteen xede historiko eta demokratiko honen aurrean.

Visca las seleccions catalanes, eta Gora Euskal Herriko selekzioak!

Plataforma proseleccions esportivas catalanes eta Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldea

Zarautzen, 2006ko uztailaren 22an