Bidali Inprimitu Itzuli albisteen orri nagusira

Aralar - Legebiltzarra / 2006-06-15 / 13:52

Lurzoruaren legeak espekulazioa mugatzeko balioko du

Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak adierazi du lurzoruaren legearen gaineko ponentziak erakutsi duela adostasunetik eta eztabaida parlamentarioan oinarriturik ekimenak aurrera atera daitezkeela eta hobetu egin daitezkeela

Lurzoruaren legearen gaineko azkeneko zuzenketak bozkatu dira gaur Eusko Legebiltzarreko, Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordean. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak era positiboan baloratu du Legebiltzarreko lurzoruaren ponentziak egin duen lana, bai eta legeak berak ekarriko duena espekulazioaren kontrako borrokan.

“Etxebizitzaren gaur egungo arazoa ez du konponduko, baina horretarako bidea jartzen du. Eta, horretan oso garrantzitsua, eta guretzat bereziki esanguratsua da, lurzoruaren legeak jasotzen duen lurraren sailkapenaren egokitzea. Aralarren proposamena izan da hori eta legeak jaso egingo du. Horri esker, lur gehiago izango da babestutako etxeak eraikitzeko eta gutxiago libreko etxeetarako. Horretaz gain, onartu diren gure 171 zuzenketen artean landa lurrak babesteko balioko direnak daude, hauek, gainera, EHNE sindikatuak egindako proposamenak dira eta, poztekoa da, ponentziak onartu izana Euskal Herriko Nekazarien Elkargotik egindako proposamena”.

Aintzane Ezenarrok aderazi duenez, “Ez da, jakina, gutariko bakoitzak egingo lukeen lega , baina bada lege ona; egungo egoera asko hobetuko duena eta babestutako etxe gehiago egitea ekarriko dituen legea da. Espekulazioari aurre egiteko neurri egokiak hartu direla uste dugu, nahiz eta jakin lege honekin bakarrik ez dela etxebizitzaren arazoa konponduko, baina uste dut bide egokian jartzen gaituela legeak.

Aralarrek 195 zuzenketa aurkeztu ditu eta horietatik 171 erdibidetu dira. Horren haritik adierazi du Aralarreko legebiltzarkideak “ponentziak ondo lan egin du, aurrez adostutakoaz gainera, beste batzuek aurkeztutako zuzenketak ere onartzea ahalbidetu duelako eta niretzat, esperientzia legez, ponentzia honek erakutsi du eztabaida parlamentarioak eman dezakeela aurrez adostutakotik haratago askoz ere gehiago. Hori adierazi egin behar da eta argi esan behar dela ia guztiok aurkeztu ditugula lehen ekartzen ez genituen proposamenak. Eztabaidatu egin dira eta horietako asko onartu egin dira. Eskuzabaltasuna egon da proposamenak onartzen joateko”.